16.- Kerexetaegia Hegokoa

Hileta-ganbara hainbat harlosaz osatuta zegoen, eta beste harlosa handi batek ganbara estaltzen zuen. Gainetik, egitura osoa harrizko tumulu batez estalita zegoen. Jatorrizko egitura horretatik, 1921ean hiru harlosa kontserbatzen ziren soilik, estalkia erorita zegoen, eta tumulua lubaki zabal batez moztuta zegoen. Gaur egun ikus daitekeena emaitza zientifikoetan oinarritu den berreraikitze-proiektu baten ondorioa da.

Dimentsioak

17 m-ko diametroa eta 1,8 m-ko altuera duen tumulua. Ganbarak gutxi gora behera 2 x 1,5 m-ko zabalera dauka.

Ikerketa lanak

J. M. Barandiaranek aurkitu zuen 1920an, eta urtebete geroago T. Aranzadik, J. M. Barandiaranek eta E. Egurenek indusi zuten. Ordurako monumentua arpilatuta zegoen lubaki handi batez, eta ganbararen estalkia erorita zegoen. 1980ko hamarkadan pertsona partikular batzuek zaharberritze saio bat egin zuten, estalkia mugituz. 2014an, M. Ceberiok indusketa eta topografia zehatz bat egin zuen. Datu horietan oinarrituta, 2018an Bazetak, Telleriak eta Aguirrek berreraikitze proiektu bat garatu zuten eta egungo itxura eman zioten monumentuari. Egitura eta materialak hainbat ikerketa-lanetan argitaratu dira: Aranzadi, Barandiaran eta Eguren (1922), J. M. Barandiaran (1953), J. Elósegui (1953), Gipuzkoako Karta Arkeologikoak (1982, 1990), J. M. Apellániz (1973).

Aurkikuntzak

1921eko indusketan harrizko aizkora bat, gezi punta bat, bi arraspa, bi suharrizko printza eta zeramika zati bat aurkitu ziren. 2014ko indusketan 17 zeramika zati eta 7 suharri aurkitu ziren.

Nabarmentzekoa

Kerexetategi hegokoa estazio osoan hobeto kontserbatu den trikuharria da, eta horregatik posible izan da berreraikitzea. Gainera, pieza gehien eman dituen monumentuetako bat da, Gizaburuagarekin batera. Gaur ikus daitekeen ganbarari harlosa batzuk falta zaizkio, baina horrela uztea erabaki zen ganbararen barrualdea ikusi ahal izateko. Tumulua mozten duen lubakia 1921ean eginda zegoen, eta hori ere irekita uztea erabaki da egituran sartu ahal izateko.

Mota
Dolmena
Garaia
Kalkolitoa-Brontze Aroa (K. a. 3.200-1.500)
Udalerria
Bergara
Kokapena

Leiopago mendiko zabalgune batean, Bergara-Azkoitia mugatik gertu.