10.- Arribiribilleta

Harrizko tontor txiki batean etzanda zegoen monolitoa. Azken ikerketa arkeologikoaren ondorioz monolitoa zutarri bat izan zela egiaztatu zen, eta zutik jarri egin zen.

Dimentsioak

Monolitoak 3,5 m-ko luzera, 1,6 m-ko zabalera eta 0,5 m-ko lodiera dauka. Monolitoa zutik eusteko hobiak 1,9 x 1,3 m-ko zabalera eta 0,6 m-ko sakonera dauka.

Ikerketa lanak

J. M. Barandiaranek aurkitu zuen 1920an, eta urtebete geroago T. Aranzadik, J. M. Barandiaranek eta E. Egurenek indusi zuten. Indusketa hartan mugarriak egiaztatzeko jartzen diren lekukoak aurkitu ziren (ikatzak, teila zatiak). Lekuan Bergara eta Elgoibar arteko muga dagoenez, eta indusketan beste ezer aurkitu ez zenez, arkeologoek monolitoa mugarritzat hartu zuten. 2002an J. Castrok Arribiribileta trikuharri bat zela salatu zuen, muninoa tumulutzat eta monolitoa ganbararen estalkitzat hartuta. Urte berean Altunak, Del Barriok, Fernándezek, Mariezkurrenak eta Turrillasek aurkikuntza baieztatu eta seinaleztatu zuten. 2013an, M. Ceberiok eta J. Tapiak lekua indusi, eta trikuharririk ez zegoela frogatu zuten; muinoa harrizko formazio naturala da eta bertan mugarri bat egon zela egiaztatu zen. Alabaina, mugarria hartzeko hobia historiaurrean zulatua izan zen: betelan modernoaren azpitik, beste betelan zaharrago bat aurkitu zen hobiaren hondoan, eta suharri zatiak aurkitu ziren. Monolitoaren eta zuloaren 3D ereduak eratu ziren, eta neurriak, pisuak eta indarrak aztertu ondoren, zutarria berreraikitzea erabaki zen.

Aurkikuntzak

Indusketan bi suharri zati aurkitu ziren soilik, baina lorpenik garrantzitsuena zuloaren eta blokearen azterketa zehatza izan zen.

Nabarmentzekoa

Arribiribileta Dolmenen ibilbidea egitasmoaren lehen urratsa izan zen. Ordura arte, euskal megalitismoaren ikerketan ez zen halako planteamendu zorrotzik abian jarri.

Mota
Monolitoa
Garaia
Neolitoa-Brontze Aroa (K. a. 4.000-1.500)
Udalerria
Bergara
Kokapena

Irukurutzeta mendian, Kurutzezarra izeneko gailurrean, Bergara eta Elgoibar arteko mugan.