1.- Gizaburuaga

Jatorrizko ganbararen bi harlosa ikusten dira gaur, eta bere inguruan harrizko tumulua ikus daiteke, bertako basaltoez eginda. Harlosatako bat erorita zegoen eta berreraikitze lanetan zutik jarri zen.

Dimentsioak

Tumuluak 11 m-ko diametroa eta 0,5 m-ko altuera du. Zutik zegoen harlosak 1,7 m-ko luzera, 0,5 m-ko altuera eta 0,2 m-ko lodiera dauka; etzanda zegoenak, berriz, 1,6 m-ko luzera, 1,1 m-ko zabalera eta 0,2 m-ko lodiera dauka. Zaharberritu ondoren, ganabararen zabalera 1,7 x 1,6 m-koa da.

Ikerketa lanak

1920an J. M. Barandiaranek aurkitu zuen baina ez zuen ondoren induskatu. 2016 eta 2017 bitartean, J. Tapiak induskatu zuen eta zaharberritze lanak egin zituen. Egitura hainbat ikerketa-lanetan aipatu da: Aranzadi, Barandiaran eta Eguren (1922), J. M. Barandiaran (1953), J. Elósegui (1953), Gipuzkoako Karta Arkeologikoak (1982, 1990), J. M. Apellániz (1973).

Aurkikuntzak

77 zeramika zati, gutxienez lau ontzi desberdinetakoak, eta horietatik ontzi bat ia osorik muntatu ahal izan dena; 12 suharri (arraspa bat, hiru pieza landuta, 7 ijelki zati, printza bat eta nukleo bat; 8 gatzarri edo kuartzo-kristalak; arkulari-besoko bat; harrizko 8 lepoko ale; zorroztarri bat; metalezko 5 apaingarri; giza hezur zatiak, erraustuta (100 zatitik gora); ikatzak.

Nabarmentzekoa

Barandiaranek tumulua ikusi zuen soilik, eta ez zuen induskatu. 2016-17ko indusketan ganbara aurkitu zen eta bertan bi erabilpen fase desberdindu ziren: hasierako bat, Neolitokoa, eta bigarren bat, berantiarra, Brontze Arokoa. Bien artean ganbara suntsitu eta harlosatako bat erori egin zen. Azken erabilpen-fasean sinesmenak aldatu ziren, eta hileta-erritua gorpuak ehortzetik erraustera pasa zen.

Mota
Dolmena
Garaia
Neolitoa-Brontze Aroa (K. a. 4.000-1.500)
Udalerria
Elgoibar - Soraluze
Kokapena

Atxolin eta Karakate artean, Idoiatik Ipar-Mendebaldean dagoen zelaigune batean.