Asteburua Debabarrenean

Asteburua Debabarrenean

Zatoz Debabarrena ezagutzera asteburuko plan honetan. Ezagutu gure eskualdeko txoko sekretuak naturan, gozatu gure gastronomiaz, eta aukeratu erlaxatzeko edo abenturarako planak

OSTIRAL ARRATSALDEAN

Itziarren irten zaitez autobidetik, eta gerturatu kostaldera itsasoaren haize leuna sentitzera, begiratoki zoragarri hauetatik: Itziarko Begiratokia, eta Irulearen Begiratokia. Zure eskuinetara Gipuzkoako kostaldea ikusiko duzu, ezkerretara, Bizkaikoa, benetan harrigarria. Kantauri itsasoaren gaineko balkoi eder hauetatik, egun garbietan, alde batetik Hendaiaraino ikus dezakezu, eta bestetik, Bilboko portuaren sarreraraino.

Debako Flysch Beltza
Debako Flysch Beltza

Jarrai ezazu bidea Debaraino. Hainbat lekutan aparkatu daiteke: hondartzaren ondoan, tren-geltokiaren ondoan, edo itsasadarraren ondoan. Eta herriak aukera ugari eskaintzen ditu ibilaldi atseginak egiteko: abenturazaleak bazarete, Santa Katalina ermitaraino igotzen den bidezidorra har dezakezue. Euskal Kostaldeko Geoparkearen gaineko begiratoki aparta izateaz gain, Debako iraganari buruzko istorioak kontatzen ditu. Hori bai, igoera aldapatsua denez, ez ahaztu oinetako egokiak eramatea. Ibilbide lasaiagoa nahiago baduzu, bi hondartza ederretan zehar ibil zaitezke, Santiago eta Lapari, flysch beltza miresteko. Eta itsasadarrari jarraituz, Casacampoko paduraraino iritsiko zara, edertasun paregabeko lekua, aberastasun handiko ekosistema duena.

Artzabalgo hezegunea
Artzabalgo hezegunea

Gaua igarotzeko, baduzu non aukeratu Debako landa-auzoetan: Itziar, Elorriaga, Itxaspe, Mardari… bertan ostatu aukera zabala aurkituko duzu gustu guztientzako: landetxeak, apartamentuak, kanpinak, hotelak, aterpetxeak… Etxean bezalaxe sentituko zara haietako edozeinetan, natura bete-betean, Euskal Kostaldeko Geoparkearen bihotzean. Eta afaltzeko, Debako herriak aukera paregabeak eskaintzen ditu arrain freskoarekin eta bertako produktuekin afari legea egiteko, edo poteoan parte hartzeko eta alde zaharrean pintxo gozoak dastatzeko.

LARUNBATEAN

Goizean, sartu eskualdearen barrualdera. Deba edo Mutrikutik Mendarora iritsiko zara berehala, eta bidean geldialdi bat egin dezakezu Chocolates de Mendaron. Familia enpresa txiki honek 1850etik txokolate artisauak egiten ditu, bere dendan bere espezialitateetako batzuk dastatu eta erosi ahal izango dituzu, Euskadiko kakao errotarik zaharrena ikusteaz gain.

Deba ibaian gora jarraituz, zure ezkerretara Elgoibar utziko duzu. Hemendik jada Karakate mendiaren tontor itzela ikusi dezakezu, eta bertara joatea proposatzen dizugu, Soraluzeren erdigunetik hasten den errepide batean zehar. Tontorrean Euskadiko begiratokirik onenetariko bat aurkituko duzu, Hendaiatik Bilbora kostalde guztia hartzen duena, eta barnealderantz Arabako Mendietaraino. Gainera, hemendik Dolmenen Ibilbidea abiatzen da, Karakatetik Agirreburura doan 11km-ko mendilerrotik, Elosua-Plazentzia Estazio Megalitikoaren dolmen eta tumuloen artean. Bidean interpretazio panelak aurkituko dituzu, dolmen hauen eta paisaiaren inguruan informazio gehiago emango dizutenak. Hori bai, mendirako oinetako egokiak eta ura eramatea gomendatzen dizugu, bidearen erdiak, Irukurutzetako tontorreraino, ordu eta erdi inguruko iraupena baitu.

Karateko mahai panoramikoa
Karateko mahai panoramikoa

Familian bizikletaz egiteko aukera bat nahiago baduzu, Soraluzetik historia luzea duen beste bide bat abiatzen da. Herriaren erdigunetik gertu, antzinako Ferrocarriles Vascongadosen trazatutik doan bidegorria hasten da. Deba ibaiaren ertzetik doa, ia laua da eta asfaltatuta dago; beraz, maila guztietako ibiltarientzat da aproposa, baita ere bizikletaz joateko. Bergarara joateko bideak bi ordu inguru irauten du oinez, edo ordubete bizikletan, eta Antzuola, Arrasate, Oñati... aldera jarrai daiteke, zuen indarrak edo denborak ematen duena.

Bidegorria
Bidegorria

Soraluzen autoa uzteko badaude hainat toki, antzinako kanoi fabrikaren ondoan, edo bidegorriaren hasieratik gertu. Gainera, herrigunean badaude hainbat taberna eta jatetxe, bazkari ederra egin edota eramateko janaria erosteko ere.

Arratsaldean itzuli zaitez itsasertzera, Mutrikura, eta han eliza atzeko aparkaleku publikoan aparkatzea gomendatzen dizugu. Hemendik Mutrikuko alde zaharra, Monumentu Multzo izendatua, bisitatu ahal izango duzu. Zatoz Turismo Bulegora bisita gidatuez  galdetzera. Atxukaleko begiratokira joan, portua ikustera, eta bat egin herri xarmagarri honen izaera marinelarekin.

Ilunabarrean, Mutrikutik Debarako errepidea inguratzen duen pasealeku bikaina proposatzen dizugu. Flysch beltzeko itsaslabarrak Arbeko begiratokitik ikusi ahal izango dituzu.

Mutrikuko pasealekua
Mutrikuko pasealekua

Eguna amaitzeko, primerako arrain freskoa afaldu dezakezu inguruko edozein jatetxetan. Eta lotarako ez zaizu hotel xarmangarririk edota landetxerik falta izango, itsasoari begira edota mendi berdeen artean.

IGANDEAN

Debak ezusteko pare bat gordetzen ditu oraindik. Plaza Zaharrean bertan Santa Maria Eliza dago, euskal gotikoaren benetako harribitxia. Zatoz Turismo Bulegora bisita gidatuei buruz galdetzera.

Santa Maria elizaren klaustroa
Santa Maria elizaren klaustroa

Debatik, zoaz Euskal Kostaldeko Geoparkearen beste aldea arakatzera: eremu karstikoa. Lasturko harana adibide bikaina da, bere inbutu formarekin. XIV. mendeko errota bat du, oraindik martxan dagoena, eta artoa ehotzen du Lasturren estiloko talo gozoak egiteko. Tailer batean egiten ikas dezakezu, Lasturko Tabernan bertan. Zonaldeak mendi-ibiliak egiteko aukera eskaintzen du, baita zaldiz ibiltzeko aukera ere, benetako landa-paradisu hori ezagutzeko.

Plazaola Errota
Plazaola Errota

Azkenik, zatoz berriz Itziarrera, eta han izen bereko Ama Birjinaren Santutegia duzu zain, euskal itsasgizonek oso gurtua. Auzoak ere bazkaltzeko aukera paregabeak eskaintzen ditu, etxerako bidea hartu aurretik.

 

Albisteak