Haurrekin egiteko ibilbideak

Debabarrena haurrekin bisitatzea erabakitzen baduzu, aire zabaleko eta naturan egiteko jarduerak ez zaizkizu faltako. Gaurkoan zazpi mendi ibilbide paregabe aurkezten dizkizugu, familian egiteko aproposak. 5 kilometro baino gutxiagoko ibilbideak dira, zailtasun teknikorik gabeak, Debabarrenaren esentziaz eta paisaiez gozatzeko: hondartzak, itsasoaren eta mendiaren kontrastea, begiratokiak, ametsezko basoak eta itsaslabarrak zain dituzu.

Euskadin familian egiteko planen bila bazabiltza, ez duzu urrutira joan beharrik, zatoz Debabarrenera. Adin guztietarako jarduera eskaintza zabala dugu: zaldi ibilaldiak, surf ikastaroak, museoetara bisita gidatuak, taloak egiteko ikastaroak, gaztandegietara bisitak eta askoz gehiago. Baina badakigu aire zabalera irtetzeko irrikitan zaudela, beraz, gaurkoan Debabarreneko familian egiteko aproposak diren ibilaldi sorta aurkezten dizugu.

Zalantzarik gabe, Deba da familientzako egokiak diren ibilaldi gehienak eskaintzen dituen herria. Errazena Flysch Beltzaren ibilbidea izenarekin ezagutzen da, eta Santiago eta Lapari hondartzak inguratzen ditu, flyscharen tolesturen ikuspegi interesgarriak eskainiz. Guztiz zolatutako ibilbidea da eta kilometro bat inguruko luzera du, bi hondartzen gaineko begiratokiraino iritsiz. Talaia ezin hobea da Debako badia bere osotasunean ikusteko.

Lapari hondartza
Lapari hondartza

Ibilbide aktiboen bila bazabiltza, haurrentzat egokiak izanda, erronka bat izan daitezkeenak, Deban bi bide dituzu herria inguratzen duten muinoetako begiratoki naturaletara igotzeko.  Alde batetik, Santa Katalina ermita eta begiratokiraino igotzen den bidezidorra duzu. Bi kilometro baino gutxiagoko ibilbidea da, izen bereko ermitaraino igotzen dena. Bertatik, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkeko itsaslabarrenikuspegi paregabea ikus dezakezu. Informazio panel batek gehiago kontatzen dizu inguruko ezaugarri geologikoez eta ermitaren historiaz. Eta, bestetik, Debako plazatik "Deba eta zezenak" izeneko ibilbide bat abiatzen da, kilometro eta erdi pasatxoko bidezidor bat, herria "Markés de Saka" ganadutegiarekin lotzen duena. Burdin propioa duen EAEko ganadutegi bakarra da, eta, gainera, euskal sukaldaritza tradizionaleko plater bikainak dastatzeko aukera ematen duen nekazalturismo eta jatetxea ere.

Santa Katalina baseliza
Santa Katalina baseliza

Ibilbide lasaixeagoak nahiago badituzu, aukera on bat Deba ibaian gora joatea da. Hiru kilometro eta erdiko ibilbide zirkular batek Casacampoko padurara eta Artzabalgo hezegunera eramango zaituzte. Edo, denbora gehiago izanez gero, bidea jarraitu dezakezu ibaiaren ertzean zehar Sasiolako komentu-ospitale zaharreraino. Ibilbide honek 7 kilometro pasatxo ditu eta Ermitia mendiaren hegalean doa, hainbat haitzuloren inguruan, non aztarna arkeologiko garrantzitsuak aurkitu diren, besteak beste, Praileaitz aztarnategi ospetsua.

Artzabalgo hezegunea
Artzabalgo hezegunea

Itsasoaren ondoko pasealeku lasai baten bila bazabiltza, Deba ibaiaren bestaldean gure proposamenik berriena aurkituko duzu: Mutrikuko itsasertzeko pasealekua. 4 kilometroko asfaltatutako pasealekua da, Ondarbeltz hondartzatik, Deba ibaiaren bokalean, Mutrikuko hirigune historikora doana. Bide erraza da, desnibel gutxikoa, eta, hala ere, euskal kostaldearen gaineko ikuspegirik onenetako batzuk eskaintzen dituela esan daiteke. Zoaz Arbe eta Alkoleako begiratokietara, Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldea ikusteko, eta flyscharen geruzak miresteko. Mutrikura iristeaan, ez galdu alde zaharra, Monumentu Multzo izendatua, jauregi eta dorretxeekin, eta bere kale estuekin. Txangoa osatzeko eta beste garai batera bidaiatzeko, Arrietakua jauregira bisita gidatua egitea gomendatzen dizugu. Itsasgizon ospetsuen jaiotetxea da Arrietakua, besteak beste, Cosme Damian Txurruka almirantea.

Atsedengunea
Atsedengunea

Mendi ibilbide bat nahiago baduzu, baso berdeak eta txorien kantak lagunduta, eta familia osoarentzat egokia dena, Mendarora etortzea proposatzen dizugu. Kilimon ibaiaren harana landaretza ugariko gunea da, eta 7 kilometro eskaseko ibilbidea ere eskaintzen du, laua eta atsegina.

Kilimon bailara
Kilimon bailara

Artikulu honetarako gorde dugun azken proposamena oinez zein bizikletaz egin daitekeen ibilaldia da. Soraluzetik bidegorri bat abiatzen da, Ferrocarriles Vascongados eta Ferrocarril Vasco-Navarro izan ziren trenbideen bide zaharretik doana. Debabarrena Bergara, Antzuola, Zumarraga, Arrasate eta Oñatirekin lotzen du. Soraluzetik Bergararainoko tarteak 7 kilometro inguru ditu, guztiz asfaltatuta dago eta oso desnibel txikia du, toki ezin hobea izanik etxeko txikiek bizikletan ibiltzen ikas dezaten, edo Deba ibaiaren ertzean ibilaldi atsegina egiteko.

Bidegorria Soraluzen
Bidegorria Soraluzen

Ibilbide guztietarako, Mutrikuko itsasertzeko pasealekua eta Soraluzeko bidegorria izan ezik, mendirako oinetako egokiak eramatea gomendatzen dizugu.

Zer iruditu zaizu Debabarrena haurrekin ezagutzeko ibilbideen aukeraketa hau? Ikusten duzu ez duzula aukerarik falta aire zabalaz eta naturaz gozatzeko. Bisitatzea erabakitzen baduzu, ez ahaztu gure ostatu- eta jatetxe-eskaintza zabala kontsultatzea, Debabarrenera egingo duzun bidaia ahaztezina izan dadin.

Albisteak