Bisita gidatuen beste edizio bat antolatu da Eibarren

2023/07/27
Bisita gidatuen beste edizio bat antolatu da Eibarren
Eibarko Udalak eta Debegesak berriz ere martxan jarriko dute abuztuko bisita gidatuen programa. Parte hartzea doakoa da, baina joan nahi dutenek izena eman beharko dute aldez aurretik

Eibarko Udalak eta Debegesak berriz ere martxan jarriko dute abuztuko bisita gidatuen programa. Ekimena Eibarko Udalaren Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak sustatzen du Debegesa Eskualdeko Garapen Agentziarekin lankidetzan, eta helburua da herriaren ondare historiko eta kulturala balioan jartzea eta eskaintza turistiko bat sortzea udan gure herria bisitatzen duten pertsona guztientzat.  

Hala, bisitaren ibilbidean ezagutzera emango da azken 100 urteetan herriak izan duen garapen industriala, kulturala eta historikoa. Eibar duela mende bat nolakoa zen erakusten duten irudiekin, Nerea Alustiza historiagileak gidatuko ditu bisitak; ibilaldiak Estaziño kaletik abiatuko dira, tren-geltokiaren ondoan, eta erdiguneko hainbat kale igaro ondoren Untzagan amaituko dira. Han, beste gertakari batzuen artean, Eibarrek II. Errepublikaren aldarrikapenean izan zuen papera gogoraraziko da. 

Bisitak abuztuko ostegunetan izango dira (hilak 3,10,17 eta 24) arratsaldez, 18:30etik 20:00etara, eta igandeetan (hilak 6 eta 27) goizez, 11:30etik 13:00etara. Abuztuaren 3an eta 27an euskaraz egongo dira eta gainerakoak erderaz.

Bisitak doakoak dira, baina interesdunek aldez aurretik eman behar dute izena. Astelehenetik ostiralera egin daiteke, 8:30etik 13:30era, bai Pegoran presentzialki edo 943 708400 telefonora deituta. Izena emateko epea bisita bakoitzaren aurreko lanegunean amaituko da.  Kalitatea bermatzeko, parte-hartzaileen gehieneko kopurua 15 lagunekoa izango da.