Udazkeneko planak Debabarrenean: gastronomia

2019/11/27
Udazkeneko planak Debabarrenean: gastronomia
Ondo jatea gustoko baduzu, Debabarrenean gure gastronomiaz gozatzeko aukera zabala aurkituko duzu. Hasteko, Tripontziak ekimena, eskualdeko jatetxeetan bertako produktuekin egindako menuak 28€tan dastatzeko. Edo Lasturko taloa egiten ikasteko ikastaroa egin dezakezu. Gozozalea bazara, Euskadiko kakao errotarik zaharrena ere bisitatu dezakezu. Debabarrenean gastronomia onenaz gozatuko duzu, beti ere bertako produktua zainduz. On egin!

Jada hitz egin dizugu gure ibilbide sareei  eta gure museoei buruz, baina hau ez da Debabarrenean aurkitu dezakezun guztia. Udazken honetan etortzea erabakitzen baduzu, zatoz gure eskaintza gastronomikoa ezagutzera. Gustu eta poltsiko guztientzako aukerak ditugu.

Debabarrenean udazkeneko izar nagusia Tripontziak ekimena da, aurten bere seigarren edizioa ospatuko duena. Bertan, gure eskualdeko zazpi jatetxek menu ezin hobeak eskaintzen dituzte, bertako eta sasoiko produktuan oinarrituta, Arabar Errioxako ardoa, txakolina edo sagardoa, postrea eta kafea barne, 28€ eurotan besterik ez. Zer iruditzen?

2019ko edizioan zazpi dira parte hartzen duten jatetxean, eskualdeko gastronomiaren onenaren adibide garbiak: Belaustegi, Hostal Itziar, Kanala, Lasturko Taberna, Mendiola, Salegi eta Urgain. Eta ezagutzera etortzeko asmoa baduzue, sari bikainak irabazteko aukera ere izan dezakezue: zuen menuaren argazkia Twitter edo Instagram bidez partekatuz, #Tripontziak traola gehituz, Debabarreneko ostatu xarmangarri batean egonaldi bat irabazi dezakezue, edo bertako produktuen sorta eder bat. Eta sare sozialetan iaioak ez bazarete, ez larritu. Zozketan parte hartzeko aukera berdin-berdin izango duzue, jatetxeetan emango dizueten txartela beteta.

Tripontziak menuak irakurri badituzue, ikusiko zenuten jada postreetan nabarmena den osagai bat: Chocolates de Mendaroren txokolatea. Izan ere, oso berezia da txokolate hau, eta ez bakarrik oraindik Mendaron eskuz egiten delako enpresa familiar batean. Baita ere Mendaroko kakao errota Euskadiko zaharrena delako, 150 urte baino gehiago dituena, eta gaur egun ere erabiltzen dena. Benetan museo baten egoteko modukoa den pieza hau Mendaroko lantegian ikusi dezakezue, txokolate tabletaren prozesua ikusiz, dena eskuz eginda. Gainera, bertan denda txiki bat ere badago, txokolatea dastatu eta erosi ahal izateko.

Mendarotik ez oso urruti, Lasturren, Tripontziak menuan ohikoa den beste plater baten elaborazioa ikustera gerturatu zaitezkete: taloa Lasturko erara. Euskadiko herri askotan egiten dira taloak, baina elaborazio prozesuak bereizten du Lasturkoa. Kotoizko izara umel baten gainean zapaltzen da taloa Lasturren, horrela irin gutxiago erabiltzen da, eta taloa ez da mahaira itsatsita geratzen. Teknika berezi hau bertatik bertara ikusteko, Lasturko Tabernan bertan talo ikastaroa eskaintzen da. Hau familia guztiarentzako plan egokia izateaz gain, emaitza gozo-gozoak ematen ditu. Ezin dugu aipatu gabe utzi Plazaolako errota, oraindik ere taloak egiteko artoa ehotzeko erabiltzen dena, eta bisitatu daitekeena.

Gainera, Tripontziak menuarekin batera hartzeko hainbat edari eskainiko dizkizue: Arabar Errioxako ardoa, Getariako txakolina, eta gure eskualdean egindako sagardoa. Txindurri Iturri baserrian egiten da sagardo ekologiko hau, eta hori gutxi balitz, landetxea ere bada. Bertan lo egin dezakezue, edota sagardoa dastatzera gerturatu, sagardotegiko menuaz lagunduta: bakailao tortilla, bakailaoa piperrekin, eta txuleta eder bat.

Eta gosez gelditu bazarete, oraindik aukera gehiago dituzue Debabarrenean gastronomia onenaz gozatzeko. Barrak pintxoz gainezka dituzten tabernak, gaztandegiak, kontserba fabrikak, txakolindegiak, marmelada ekologikoak… Gozatu zapore zoragarriez urte osoan!