Hemen zaude: Hasiera Albisteak EUSKAL KOSTALDEA: DEBABARRENEKO HONDARTZAK

EUSKAL KOSTALDEA: DEBABARRENEKO HONDARTZAK

2019/07/16
Uda iritsi da Debabarrenera, tenperatura altuekin batera. Baina ez zaitez larritu, gure eskualdean freskatzeko aukera asko dituzu eta. Ikus itzazu artikulu honetan.

Iritsi da uda Debabarrenera, eta berarekin iritsi dira ere egun eguzkitsu eta beroak. Gure eskualdea aukeratu baduzu zure oporrak igarotzeko, edo egunpasa besterik ez bazatoz ere, jarraian aurkituko dituzu beroak itotzen zaituenean freskatzeko dauzkazun aukera anitzak.

Zalantzarik gabe, ezagunena Debako hondartza da. Urtero milaka bisitari erakartzen dituen hondartza honek bi zati ditu. Alde batetik, Santiago hondartza duzu, handiena eta ezagunena dena, Debako herrigunetik hurbil. Bertan aparkalekuak, komun publikoak, sorosle zerbitzua, bi taberna aurkitzen dira, baita ura, freskagarriak eta izozkiak erosteko pare bat postu ere. Baina Debako hondartzaren xarmak askoz gehiago dira, ekialderantz jarraituz gero Lapariko hondartza azaltzen baita. Flyscheko arrokak azaltzen hasten diren tokitik aurrera dago Lapari, hondartza txiki bat, itsasgoran ia guztiz estalita gelditzen dena. Baina asko dira bertara gerturatzen direnak, bai igerian egiteko, baita surfean aritzeko ere. Eta hain zuzen Laparin izan zen, agerian gelditzen diren flysch beltzeko harrietan, Debako septaria ezagunak aurkitu ziren tokia.

Hondartza eta bainua hartzeko tokiei dagokienez, Mutriku ez da atzean gelditzen. Deba eta Mutrikuren arteko mugan bertan, Deba ibaiaren itsasadarraren beste aldean aurkitzen dugu Ondarbeltz hondartza. Izena bere harea ilunak ematen dio, eta hondartza txiki bat da, kala bat ia, baina aparkalekua eta taberna txiki bat ere badituena. Mutrikuko hirigune historikotik oso gertu, portuko barraren albo batean, portuko hondartza aurkituko dugu. Hondartza ez oso handia den arren, bai mutrikuar baita bisitari asko gerturatzen dira bertara. Eta Ondarbeltz Deba eta Mutrikuren arteko mugan dagoen bezala, beste aldean, Ondarroarekin mugan, Saturraran hondartza aurkituko dugu. Hiruetan basatiena den hondartza hau flysch beltzaren beste muturrean  dago kokatuta, eta hareatza nagusiaz gain, bazter batean kala nudista txiki bat ere aurkitu daiteke. Aparkalekuak, dutxak, komun publikoak, eta zerbait hartzeko edota ikuspegiaz gozatuz bazkaltzeko taberna bat dauzka.

Baina, zalantzarik gabe, Mutrikuko bainatzeko eremurik bereizgarrienak itsasoko urez betetako igerilekuak dira, portuan bertan eraikiak. Bi egitura laukizuzen dira, portuko barran eginak. Igerileku olinpikoen tamaina dute, eta egunean birritan betetzen dira, itsasgorarekin batera; harmaila batek ekiditen du itsasbeheran igerilekuak hustea. Horrela, toki paregabea dira bai igerian egitea gustoko dutenentzat, baita orokorrean freskatzeko gogoa dutenentzat ere. Aparkalekuak, sorosle zerbitzua, dutxak eta aldagelak, eta taberna txiki bat aurkitzen dira bertan.

Honetaz gain, Debabarreneko kostaldeak uretako kirolak praktikatzeko aukera zabala eskaintzen du. Gure kostaldeak maila altuko surfistentzako primerako txokoak eskaintzen ditu: Saturraranen hasten diren Zazpi Hondartzak, eta Debara bidean dagoen Alkolea hondartza lehen mailako guneak dira. Deban hondartzak berak maila guztietako surfistentzako olatuak eskaintzen ditu. Gainera, Sorginetxeko eskuineko olatua dauka, surfista adituentzako bakarrik egokia. Beste gune ezkutuago batzuk ere badaude Deban: Mendata, Sakoneta, edo Itxaspe, besteak beste. Eta surf egiten ikasi nahi baduzu, Deban Yako Surf eskola aurkituko duzu, ikastaroak eta bai surf eta baita SUP-eko oholak alokatzeko aukera eskaintzen duena.

Ikusten duzunez, Debabarrenean bainu bat hartzeko toki zoragarri asko dauzkazu. Hemen aipatutako hondartza guztietara garraio publikoan iritsi zaitezke. Eta eguraldia lagun ez baduzu, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkeak edota gure eskualdeko barrualdeak ezkutatzen dituzten altxorrak ezagutu ditzakezu. Zeren zain zaude?

EUSKAL KOSTALDEA: DEBABARRENEKO HONDARTZAK