Hemen zaude: Hasiera Albisteak Denboran zehar ibilaldia. Dolmenen Ibilbidea.

Denboran zehar ibilaldia. Dolmenen Ibilbidea.

2019/05/24
Etorri dira udaberria eta giro ona, eta aurten ere Dolmenen Ibilbidera bisita gidatuak antolatu ditugu. Baina inguru eder hau zure kontura ere ezagutu dezakezu.

Badago ibilbide bat Elgoibar, Soraluze eta Bergarako mendi berdeen artean sigi-sagaka doana. Karakaten dauka abiapuntua, Elgoibar eta Soraluzeren zaindari zein banatzaile den tontorra, Santutxuko ermitaraino, Bergarako Elosu auzoan. Inguruko mendi eta itsasoaren ikuspegi paregabeak eskaintzen dituen talaia naturala da. Eta iraganera atea, historiaz beteriko bidea baita.

Bide hau Dolmenen Ibilbidea izenaz ere ezaguna da, eta aukera paregabea eskaintzen die gerturatzen diren guztiei historian 6.000 urte atzera egiteko, Historiaurrera. Hain zuzen eramaten gaitu, gure arbasoek nomadismoa utzi eta nekazari eta abeltzain egiten hasi zirenera, horretarako herrixka txikiak eraikiz. Harria lantzen zuten, gero metalak, brontzea batez ere. Ez dakigu zehazki non bizi ziren, baina badakigu non hilobiratzen zituzten hildakoak, hileta monumentu ugari utzi zizkiguten eta: trikuharriak, tumuluak, zistak eta zutarri bat. Gorpuekin, edo haien errautsekin batera,  hainbat objektu ere lurperatu zituzten: ontziak, tresnak, bitxiak eta armak.

Mendilerroan zehar ibiltzea historiaurrean zehar ibiltzea da, ibilbidearen 11 kilometrotan 19 monumentu megalitiko aurkitzen baitira, k.a 4.300 eta k.a. 800 urte ingurukoak gutxi gorabehera. Monumentu horietako asko 1920. urtean aurkitu zituzten J.M. Barandiaran, T. Aranzadi eta E.Egurenek osatutako taldeak, eta 1921 eta 1922 artean indusi eta ikertu zituzten. Hala ere, erabili zuten metodologia garairako oso aurreratua zen arren, ez zituzten aztarna asko aurkitu, ziurrenik elementu gehienak ordurako arpilatuak izan zirelako. Euskadiko mendien inguruan kondaira eta ipuin ugari kontatu izan dira, eta hala izan da ere Karakateko mendilerroan; izan ere, Barandiaranen ikerketak aipatzen ziren inguru horretan lurperatutako “altxor” baten inguruko zurrumurruak. Gauzak horrela, ordutik ikertu ez zirenez, XXI. mende hasieran berriz eskua sartzea erabaki zen, hainbat monumentu berriz indusita.

Indusketa berri hauek aurkikuntza garrantzitsuak eman zituzten. Nabarmentzekoa da Kerexetaegia Hegokoa dolmena, 2018an berreraikia ikerketa zorrotz baten ondoren. Ehorzketa ganbara ikusi daiteke harlauza handiaren azpian, baita trikuharria estaltzen zuen tumularen zati handi bat ere. Mendilerroko beste harribitxietako bat Arribiribilletako zutarria da. Monolito honek 3,5 metroko altuera dauka, eta beharbada Obelixek eramaten zuen menhirra gogoraraziko digu. Luzaroan pentsatu zen Arribiribilleta trikuharria zela, edota herrien arteko mugarria. Baina 2012an egindako indusketan jakin zen menhirra zela, eta 2013an berriro zutik jarri zen, ustezko bere jatorrizko kokapenean.

Ibilbide hau ez da megalitoengatik bakarrik erakargarria, paisaiak ere badu bere xarma. Bideak mendi berdeak, lautada, pagadi eta pinudiak zeharkatzen ditu. Karakate, Atxolin, eta Irukurutzetako tontorrek inguruko bista paregabeak eskaintzen dituzte, eta Euskadi osoko behatoki onenetarikoak dira, alde batetik Kantauri itsasoa dutela, oinetan Deba eta Urola ibaien haranak, eta ortzi-mugan Anboto, Aiako Harria, Aizkorri, Gasteizko Mendiak, eta beste mendi batzuk. Egun garbi batean Pirinioak eta Europako Mendiak ere ikus daitezke urrunean. Geure burua hobeto kokatu eta ikusten denaren inguruan informazio gehaigo izateko, Karakateko aparkalekuan mahai panoramikoa daukagu, Soraluzetik igotzen ibilbidearen hasieran.

Naturak, paisaiak eta historiak Dolmenen Ibilbidea toki benetan harrigarra egiten dute. Gainera, udaberrian antolatu diren doako bisita gidatuekin, mendi irteera atsegina da, familia guztiarentzako aproposa. Egutegia eta izen ematea esteka honetan ikus daitezke. Gainera, webgune honetan bertan, Ibilbideak izeneko atalean, GPS tracka aurki daiteke, ibilbidea euren kontura egin nahi dutenei zuzenduta.

Denboran zehar ibilaldia. Dolmenen Ibilbidea.