Debabarreneko gastronomia: San Blas opila

2020/01/29
Gabonak amaitu diren arren, Debabarrenean negua gozatzen jarraitzen dugu. Otsailaren 3rako gure gastronomia tradizionaleko gozokirik ezagunena egiten dugu: San Blas opila. Zatoz ezagutzera!

Dagoeneko Gabonak pasatu diren arren, Debabarrenean gozoki garaia ez da bukatu. Urte osoan eskuratu daitezkeen Mendaroko Txokolateaz gain, otsailean San Blas opilak egiten dira, izen bereko santuaren omenez.

San Blas egunerako gozokiak prestatzeko ohitura ez da Debabarrenean soilik ematen, Euskadiko hainbat herritan errotuta baitago. Adibidez, Abadiñon anis zaporea duten erroskilla glasatuak egiten dira. Eibarren, Elgoibarren eta Soraluzen, aldiz, opila egiten da, forma borobil edo laukizuzena duena, betiere anis zaporea eta glasatu txuriarekin. Ohiko osagaiak gari-irina, arrautzak, azukrea eta txerri-gantza dira, nahiz eta dendetan opil begetarianoak edo glutenik gabekoak ere badauden. Anisa ahaztu gabe, honekin ematen baitzaio opilari bere zaporea, baita glasatuari ere.

Gure eskualdean, Eibarren eta Soraluzen bereziki, otsailaren 3a jai eguna izan da betidanik. Jende askok oraindik etxean egiten ditu opilak, eta egunean bertan elizara eramaten dituzte bedeinkatzera. Herri sinesmenaren arabera, San Blasek eztarriko gaitzen aurkako botereak  omen ditu; horretarako, opilak jateaz gain, kordoi zati bat bedeinkatzera eraman behar da, eta  bederatzi egunez zintzurra lotuta eraman. Denbora hori igaro ondoren, erre egiten da, eta katarroen, amigdalitisen eta beste gaitz batzuen aurkako babesa ematen du urtebetez.

Beste garai batean eskuz bakarrik egiten ziren arren, opilak jatea urtarrilaren amaierara eta otsailaren hasierara mugatuz, gaur egun San Blas opilak aurki daitezke elikadura denda askotan, urte osoan zehar. Etxean prestatzera animatzen bazara, errezeta oso erraza da.

Osagaiak:

Orea egiteko:

  • Kilo bat gari-irin
  • 6 arrautza
  • 125 gr txerri-gantz edo gurin edo margarina
  • Kilo erdi azukre
  • Legami zorrotxo bat
  • 15 tanta anis esentzia

Glasatua egiteko:

  • 2 arrautza zuringo
  • 250 gr azukre-hauts
  • 10 limoi-zuku tanta
  • 10 tanta anis esentzia (aukerakoa)

Nola egin:

  • Labea berotu 180º tan.
  • Irina laneko mahai garbi batean jarri, eta sumendi itxurarekin pilatu.
  • Arrautzak erdian apurtu, eta eskuekin nahastu.
  • Gantza edo ordezkoa gehitu, eskuekin landuz.
  • Pixkanaka azukrea eta anis esentzia gehitu.
  • Orea eskuekin landu, itsasten ez den arte.
  • Bola itxura eman, eta orea tapatuz, ordu erdi gutxienez pausatu giro-tenperaturan.
  • Ondoren, mahaia eta egurrezko arrabola irineztatu.
  • Orea bola txikietan moztu eta lisatu zentimetro erdiko lodieran.
  • Eman nahi den forma plater bat, erretilu bat edo antzekoa erabiliz.
  • Ertzak errematatu daitezke hatzekin pikotxak eginez.
  • Laberatu erdiko erretiluan 15-20 minutu inguru, horitu arte, txigortu gabe.
  • Bitartean, zuringoak elur-punturaino irabiatu.
  • Irabiatzeari utzi gabe, azukre-hautsa, limoi-zukua eta anis esentzia gehitu, kolore zuriko pasta trinko bat osatu arte.
  • Opilak hoztu aurretik glasatua koilara batekin gainetik zabaldu.