Zumaia-Deba Trekking-a, gomendagarria!

2008/09/01

Pasa den uztailean hemen ondoko post-it-ean mezua jarri genuen zuen Debabarreneko esperientziak ezagutu nahi genituela eta. Lehenengoa jaso berri dugu eta Flysch-aren ibilbidean zehar ibilitako Ivanek GR-121a gomendatzen digu:

"Asteburuko eguraldi ona aprobetxatuz, GR-121a egitea erabaki genuen, Zumaiatik Debara. Zumaian ibai inguruko bistak hartuz hasi genuen ibilbidea eta eguraldiak argazkiak egiteko aukera paregabea eskeintzen zuen.

30-40 minutuan Elorriagara iritsi ginen, hamaiketakoa egiteko toki aproposa dudarik gabe. Merenderoak giro alaia zegoen, haur eta familia ugari egun pasa ederra egiteko prest. Guk ibilbidea jarraitzea erabaki genuen eta laster iritsi ginen Sakonetara. Flysch-en bista ikaragarriak daude puntu honetan eta itsasbehera tokatu ezkero, argazki ederrak egiteko aukera ezinhobea eskeintzeko digu inguruak.

 

Gure ibilbidea Deban amaitu zen, 3 ordu eta gero.

Uste dut ibilbide hau gida eta guzti egiteko aukera ere badagoela baina bakarrik egiteko ere ez dago arazorik. Ohartxo bat, Elorriagara iristean kartel batean garbi jartzen du norantz jo baina 50 metro eginda gero gezi batek ezkerrera hartzeko dio. Hau ordea, Santiagoko Bidea da beraz, kontuz, eskuinera joan behar da eta.

Hitz bitan, guztiz gomendagarria!"

Eskerrik asko Ivan! Zuk ere zure esperientzia kontatu nahi badiguzu, jarri gurekin kontaktuan.

Bestalde, Flysch-aren inguruko beste kontakizun bat plazaratu du Amatiño kazetariak.