Sagardoa, dastagai ere Debabarrenan

2017/01/18
Debako Txindurri Iturri Sagardotegiak Txotx Festa deritzon jaialdia antolatu du datorren larunbatean, hilaren 21n. Bertsoak, haurrentzako jolasak edota jam sessiona izango dira gozagarri bertaratzen direnentzat. Animatu Debabarrenan txotx egitera!

Sagardotegi denboraldia hasi da dagoeneko. Nola ez, Astigarragan ekin zitzaion, baina gure eskualdean ere Txotx!  egiteko aukera izango dute bertakoek zein bisitariek. Esaterako, Debako Txindurri Iturri Sagardotegiak Txotx Festa deritzon ekimena antolatu du beste urte betez. Hala, uzta berria dastagai izateaz gain, hainbat ekitaldi prestatu dituzte datorren larunbaterako, hilaren 21a. Besteak beste, bazkariaren ondoren, Arkaitz Estiballes eta Beñat Ugartetxeak bertso-saioa eskainiko dute . Etxeko txikienek ere ez dute aspertzeko aukerarik izango, eurentzat hainbat ekintza eta jolas antolatu baitituzte. Arratsaldea igarota, 21:30ean sagardotegi menu ederraz osatutako afaria eskainiko da eta, ondoren, musika kontzertua izango da entzungai Tolarean. Txotx festa ezin hobeto amaitzeko, Jam-sessiona egingo da gau guztian zehar. Anima zaitez! Informazio gehiago sagardotegiaren atarian.