Hainbat ekintza antolatu dira Debabarrenean Ondarearen Europako Jardunaldiak ospatzeko

2020/09/25
Hainbat ekintza antolatu dira Debabarrenean Ondarearen Europako Jardunaldiak ospatzeko
Urrian, Dolmenen Ibilbidera haurrentzat egokitutako bisita gidatuak, Armagintza Museoan eta Makina-Erreminta Museoan erakusketa eta tailer bana antolatu dira.

Aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldiak ospatzeko, hainbat ekintza antolatu dira gure eskualdean. Aurtengo gaia hezkuntza izanda, eta “Kontaiguzu ondarea” lelopean, ekintza hauek gai baten inguruan irakastea dute helburu. Gure eskualdearen kasuan, prehistoria eta paisaia, eta ondare industriala lantzen dituzten ekintzak dira.

Debegesak, Bergara, Elgoibar eta Soraluzeko udalekin elkarlanean, Dolmenen Ibilbidera bisita gidatu bereziak antolatu ditu, 9 eta 12 urte bitarteko haur eta gazteei eta beren familiei zuzenduta. Bisita hauetan hainbat ekintza egingo dira bidean, bai historiaurrea eta monumentu megalitikoak, baita inguruko paisaia eta landaretza lantzen dituztenak. Bisita Karakateko aparkalekutik abiatuko da, urriak 18, eta 24ean, eta azaroak 1ean, 09:00tatik 13:00ak arte. Bisita doakoa da, eta izen ematea ezinbestekoa, plaza mugatuak baitira. Izena emateko, 690 720 264 zenbakira deituz (ordutegia 08:00-15:00) edo karakate@galemys.com helbidera idatziz.

Eibarko Armagintza Museoak “Eibar, lana artea den tokia” izena duen bisita gidatu berezia antolatu du. Bisita honetan hiri armaginean tradizio handia duten damaskinatua eta grabatua azalduko dituzte, Eibarko Dibujo Akademian adierazgarri izan zirenak. Amaieran marrazketa apaingarriaren inguruko tailer bat egingo da. Urriak 17an izango da, goizeko 11:00tatik 13:00ak arte. Bisita eta tailerra doakoak dira, baina ezinbestekoa da aurrez izena ematea, 943 70 84 46 telefonora deituz edota museoa@eibar.eus helbidera idatziz.

Elgoibarko Makina-Erreminta Museoak ere erakusketa berezi bat antolatu du, “Antzinako ogibideak”. Errementaria eta abarkagilea zuzenean lanean ikusteko aukera emango du, burnizko kurrika eta abarkak eginez. Erakustaldiaren ondoren larrua lantzeko tailerra ere eskainiko da. Urriak 17an izango da, 11:30tan, eta doakoa da. Aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa da, leku-kopuru mugatua dagoelako. Izena emateko, 943 74 84 56 telefonora deitu edota museoa@museoa.eus helbidera idatzi.