Udazkena Debabarrenean: gure ibilbideak

2019/09/24
Udari agur esan diogu jada Debabarrenean. Tenperaturak leuntzen eta hostoak kolorez aldatzen hasi diren garai hau ezin hobea da gure mendi eta haranak ezagutzera etortzeko. Hemen dituzu gure gomendioak.

Iritsi da udaren amaiera, baina eguraldia oraindik lagun dugu Debabarrenean. Udazkenean gure eskualdera gerturatzeko asmoa baduzu, naturaz gozatzeko aukera zabala daukazu. Urtaro hau, tenperaturak leuntzen hasten direnean, eta zuhaitzen hostoek kolorea aldatzen dutenean, garai ezin hobea da Debabarreneko ibilbideak ezagutzeko.

Beharbada ezaguna izango zaizue proposatzen dizuegun lehen ibilbidea. GR-121 matrikula du, Talaia izenaz da ezaguna, eta gure kostaldean, Zumaiatik Debara, Flyscharen Ibilbidea bezala. Debabarreneko kostaldeak ibilbidearen 23 kilometro inguru hartzen ditu, itsaslabar ikusgarrien artean doa, itsasoa beti alde batera duela. Ibilbide honek flyscharen ikuspuntu paregabeak eskaintzen ditu, batez ere Elorriaga eta Mendatagainako behatokietatik. Bidea jarraituz, Mutrikuko erdigune historikora iritsiko zarete. Kale estu eta maldartsuek osatutako bitxi honek hainbat altxor ezkutatzen ditu, horien artean, Arrietakua Jauregia. Gainera, ibilbide hau Donejakue Bidearen parte da, Kostako Bidea izenaz ezagutzen dena, beraz ohikoa da urte osoan zehar bidean erromesekin topo egitea.

Barrualdera sartuz gero, Debatik ibaian gora, Mendaro aurkituko duzue. Herri hau Kilimoi errekaren bailaran sortu zen, Deba ibaiaren adarretako bat dena. Bailara honetan ibilbide erraz eta eder bat proposatzen dizuegu, 7 kilometro baino gutxiago dituena eta malda gutxikoa, beraz familian egiteko aproposa. Bide hau (PR-Gi 42) Kilimoi errekaren bailaran zehar doa. Bertan, landaretzaz betetako paisaietaz gain, gure ondarearen hainbat elementu ezagutzeko aukera ere izango duzue, adibidez Lasaldeko Dorretxea.

Deba ibaia jarraituta, Elgoibarrera iritsiko gara, eta herri honek Soraluzerekin daukan mugan, Euskadiko behatoki onenetakoa aurkituko duzue, Karakate mendiaren tontorrean. Hemendik abiatzen da gure beste ibilbide ezagunenetariko bat: Dolmenen Ibilbidea, edo PR-Gi 94. Bide honek Karakateko eta Agirreburuko tontorrak lotzen ditu, 11 kilometrotan zehar mendilerroa zeharkatuz, eta Kantauri itsasoaren zein Euskadiko mendien ikuspegi zoragarriak eskaintzen ditu. Baina zalantza gabe ibilbide honen ezaugarri nabarmenena Elosua-Plazentzia Estazio Megalitikoa da. Historiaurreko 19 elementuen multzoa da estazioa, dolmenak, tumuluak eta menhir bat hartzen ditu. Benetan merezi du bide honetara gerturatzeak, Debabarreneko historiaurrea hobeto ezagutzeko aukera ezin hobea ematen baitu.

Gure hurrengo proposamena Elgoibartik gertu dago. Karakate mendiaren parean, Ego errekaren beste aldean, Arrateko Amaren santutegia aurkitzen da, bai eibartarrek eta baita Debabarreneko askok ere oso maitea duten santua. Santutegitik hurbil gainera haurrentzako parkea eta bi jatetxe aurkitzen dira. Horrela, toki ezin hobea da mendiko txangoen abiapuntu bezala. Izan ere, hemendik abiatzen da PR-Gi 108 ibilbidea, Eibarko bi mendi oso ezagunen tontorretara iristen dena: Kalamua eta Akondia. Ibilbideak 8 kilometro eskas ditu, eta zailtasun ertaina. Gainera, atsedengune bat ere badauka, iturri eta mahai batzuekin, jeitsiera hasi aurretik indarrak berritzeko aproposa.

Artikulu honen azken proposamena mugan beste aldean, Bizkaian, aurkituko duzue. Izan ere, Debabarrena Gipuzkoako 6 herrik eta Bizkaiako 2k osatzen baitute. Azken hauen artean, Ermua eta Mallabia, aurkitzen da azken ibilbide hau, PR-Bi 70. Ibilbide zirkularra da, eta 6 kilometrotan zehar bi herriak batzen ditu. Guk Ermuan hastea gomendatzen dugu, Goitondo auzoan, errepide ondotik. Bidean bertako zuhaitzen basoetatik igaroko zarete, baita hainbat baserritatik ere. Tenperaturak atseginak badira, Errekaldeko aisia gunean bainu bat hartu dezakezue.

Ikusten duzuenez, Debabarrenak naturaz gozatzeko aukera zabala eskaintzen dizue. Gure ibilbide sarea gure webgunean ikusi dezakezue, edota gure Wikiloc kontuan. Bertan GPS track-ak ere jaitsi ditzakezue, ibilbideak ardura gabe gozatzeko. Zatozte!