Dolmenen Ibilbideari buruzko liburua aurkeztuko du Aranzadik

2022/06/09
Dolmenen Ibilbideari buruzko liburua aurkeztuko du Aranzadik
Ekainaren 19an aurkeztuko da liburua, eta horretaz gain haurrentzako tailerrak eta salda eta txorizoa egongo dira, Karakaten egingo den ekitaldian
Datorren ekainaren 19an, igandea, Aranzadi Zientzia Elkarteak Dolmenen Ibilbideari buruzko argitalpen bat aurkeztuko du Karakaten egingo den ekitaldi batean. Liburu hau Telesforo Aranzadi bilduman argitaratuko da, eta besteak beste, Jesus Tapia arkeologoak idatzi du, azken urteotan Dolmenen Ibilbideko indusketen zuzendaria izan denak. Liburua 5 eurotan erosi ahal izango da, Laboratorium Museoan Bergaran, Herritarren Arreta Zerbitzuan, Elgoibarren (txartelarekin ordainduta bakarrik), eta Soraluzeko Udaletxeko harreran.

Liburuaren aurkezpen ekitaldia Karakateko aparkalekuan izango da, eta goizeko 11etan hasiko da, proiektuan parte hartu duten hiru udalerrietako alkateen hitzaldiarekin: Bergara, Elgoibar eta Soraluze. Ondoren Jesus Tapiak liburua aurkeztuko du. Jarraian, 11:30ean historiaurreari buruzko tailerrak izango dira haur eta gaztetxoentzat, Hezur Museoko José Julián Márquezen eta Galemys enpresaren eskutik. Azkenik, 12:30ean salda eta txorizoa banatuko zaizkie bertaratutakoei. Ekitaldira joaten direnek liburuaren ale bat eskuratu ahal izango dute doan, izakinak agortu arte.

Aurkezpenaren egunerako Karakatera igotzeko autobus zerbitzua antolatu da. Autobusa Ezoziko geltokitik abiatuko da, ordu erdiro. Estazino kaleko autobus geltokian eta San Andresen egingo ditu geldialdiak, eta Karakateko aparkalekuraino igoko da. Jaisteko, berriz, Karakaten hasi eta San Andresen, Zubi Nagusian eta Baltegietako geltokian egingo ditu geldialdiak. Igotzeko lehen zerbitzua 09:00etan izango da, eta jaisteko azkena, 13:30ean. Soraluzeko Udalak San Andresetik Karakatera doan errepidea itxiko du 09:00etatik 13:30era. Ekitaldira joan nahi dutenei oinez edo autobusez bertaratzea gomendatzen zaie.