Hemen zaude: Hasiera Albisteak Debabarreneko eskualdeak Mutrikuko Arrietakua Jauregia ezagutzeko bisita gidatuak aurkeztuko ditu Fiturren

Debabarreneko eskualdeak Mutrikuko Arrietakua Jauregia ezagutzeko bisita gidatuak aurkeztuko ditu Fiturren

2019/01/21
Arrietakua Jauregia ezagutzeko bisita gidatuen aurkezpena egingo du Mutrikuko Udalak ostegunean, hilak 24, 17:00etan, Euskadiko standean.

Debabarreneko eskualdea Fitur Nazioarteko Turismo Azokan izango da aurten ere. Asteazkenean hasi, hilak 23, eta igandera bitarte luzatuko da turismo arloko ekimena. Eskualdeko eskaintza turistikoa Euskadiko standean egongo da eskuragarri (9. pabilioian), Euskal Kostaldearen txokoan.

Aurten berrikuntza gisa, Debabarreneko eskualdeak Mutrikuko Arrietakua Jauregira bisita gidatuak emango ditu ezagutzera. XVIII. mende hasieran eraikia, jauregiak Interes Kulturaleko Ondare izendapena du eta Gipuzkoan ondoen gordetzen den ondare-baliabideetako bat da. Jauregia Mutrikuko Hirigune Historikoan dago, 1995az geroztik monumentu multzo izendatua. Gaurdaino bertan bizi izan da familia eta bere horretan mantendu da.

Arrietakua Jauregia iazko ekainean zabaldu zen jendaurrera, Mutrikuko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Enrique Areilza Churruca Mutrikuko Kondearekin hitzarmena sinatu ostean, eta orduz geroztik ia 800 lagunek bisitatu dute.

Bisita honek Mutrikuk itsasoarekin historian zehar izan duen harreman estua ezagutzeko balio du, belaunaldiz belaunaldi jauregian bizi izan diren pertsonaia eta familia ezberdinen bitartez.

Arrietakua Jauregia ezagutzeko bisita gidatuen erreserba Geoparkearen webgunearen bidez egin daiteke: www.geoparkea.eus

Aurkezpena ostegunean egingo da, hilak 24, 17:00etan, Euskadiko standean. Bertan Arrietakua Jauregia promozionatzeko egin berri den ikus-entzunezkoa ikus ahal izango da.

Debabarreneko eskualdeak Mutrikuko Arrietakua Jauregia ezagutzeko bisita gidatuak aurkeztuko ditu Fiturren