“Debabarrena Gourmet” ekimen gastronomikoaren lehenengo edizioa egingo da

2022/07/19
“Debabarrena Gourmet” ekimen gastronomikoaren lehenengo edizioa egingo da
Datorren apirilaren 22a eta maiatzaren 5a bitartean, “Debabarrena Gourmet” deituriko ekimen gastronomiko berriaz gozatzeko aukera izango da Debabarrenean. Eskualdeko erreferentziazko jatetxeek zazpi platerez osatutako dastatze menuak eskainiko dituzte 60€-ren truke.

Datorren apirilaren 22a eta maiatzaren 5a bitartean, “Debabarrena Gourmet” deituriko ekimen gastronomiko berriaz gozatzeko aukera izango da Debabarrenean. Eskualdeko erreferentziazko jatetxeek zazpi platerez osatutako dastatze menuak eskainiko dituzte 60€-ren truke. Debabarrena Turismoak, Debabarreneko Elkarte Gastronomikoa osatzen duten sukaldariekin batera antolatutako ekimen gastronomikoa da proiektua. "Urrats bat harago joan nahi izan dugu ekimen hau diseinatzerakoan, sukaldariengan, produktuen aukeraketan eta plateren elaborazioan arreta jarriz", azaldu du Aitziber Cortazar Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziako “Garapen Jasangarriko eta Turismo” saileko arduradunak. Horrela bada, “Debabarrena Gourmet” ekimenak eskualdeko sukaldarien balioa jomugan jarri eta beren eskarmentua agerian utzi nahi du. 

“Debabarrena Gourmet” menua, zehazki, zazpi platerek osatuko dute: aperitiboak, bi hasierakok, bi plater nagusik (arraina eta haragia) eta bi postrek. Eskualdeko zazpi jatetxetan eskainiko da, hain zuzen ere, Eibarko Baratze Gourmeten, Elgoibarko Belaustegi Baserrian, Itziarko Kanalan, Ermuko Mendiolan, Mutrikuko Piperren Txokoan eta Pikuan eta Soraluzeko Txurrukan, eta jatetxe horietako sukaldariek prestatutako platerez osatuta egongo da, hurrenez hurren: Unai Altunak, Josu Mugerzak, Alberto Sánchezek, José Manuel Rodríguezek, Luis Ángel Alburquerquek, Santi Ríosek eta Iurdana. Halaber, ogia eta kafea menuan sartzen dira, baita ardoa ere: Javier San Pedro Ortega upategiko “Viuda Negra Las Levantadas” ardo zuria,  Bodegas y Viñedos Labastida upategiko “Q de Quintano” ardo beltza eta txakolina.

"Debabarrena Gourmet" eskualdeko chef erreferenteen elaborazio bikainak dastatzeko aukera paregabea da, adibidez, zigala arroz melosoa koral gorriarekin edo erreboiloa parrillan txakolin errearekin. Jatetxe bakoitzak bere menua diseinatu du, eta proposamen guztiak debabarrenaturismo.com webgunean daude ikusgai:Debabarrena Gourmet  Otorduez gozatu nahi dutenek jatetxera bertara deituz aurrez erreserba egin beharko dute eta “Debabarrena Gourmet” menua dastatu nahi dutela azaldu.

Ekimena Debabarrenan egun pare bat igarotzeko osagarri gisa sortu da, gastronomia eta eskualdeko bisita gidatuen eskaintza uztartuz: ibilaldiak bertako bidezidorretatik, begiratokietatik ikuspegiak gozatzeko aukera, euskal DNAren ezagutza industria-museoen bitartez, zaldi-ibilaldiak, etab.

Aurkezpen ekitaldia

Ekimenaren berri emateko, aurkezpen ekitaldi bat egin da Mutrikuko Arkugain Elkartean. Han, parte hartuko duten jatetxeetako sukaldariek menuetan eskainiko dituzten plater batzuk aurkeztu dituzte, bakoitzak bana, eta hura nola elaboratu duten azaldu. Era berean, ardo-ekoizleek ere beren produktuen xehetasunak eman ahal izan dituzte. Ekitaldi horretan eskualdeko erakundeetako langileak, blogariak, Euskadiko influencer gastronomikoak, kazetariak eta udaleko teknikariak izan dira.

“Debabarrena Gourmet” ekimenak Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadi Gastronomikoaren babesa du.