Aurtengo udan ere, bisita gidatuak Eibarren

2022/07/19
Aurtengo udan ere, bisita gidatuak Eibarren
Eibarko Udalak, Debegesa Eskualdeko Garapen Agentziarekin batera, bisita gidatuen egutegi bat antolatu du abuzturako. Bisita horietan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aldez aurretik; aukera egongo da bisita bakoitzaren bezperara arte izena emateko.

Eibarko Udalak urratsak ematen jarraitzen du herria leku turistiko gisa balioan jartzeko. Abuztu honetan, 2021eko abuztuan eta aurtengo apirilean egin zen bezala, Eibarko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak, Debegesarekin lankidetzan, herrian egingo diren bisita gidatuen egutegi bat jarriko du abian. Honekin forma eman nahi zaio eskaintza turistiko bati, udako oporretan herria bisitatzen duten pertsonen eskaerari erantzungo diona.

Jon Irola alkatearen hitzetan, “Eibarko hiriak historia luzea du.  Eta historia hori islatu egiten da herriak dituen eraikin eta eraikuntzetan. Horregatik, ekimen honek aukera ematen digu ia ahaztuta genuena gogoratzeko eta gauza berriak oso modu bisual eta atseginean ikasteko, eta, hala, bisitetan kontatzen zaizkigun gertakari horien parte sentitzeko”.

Eta zera gehitu du: “Ekimen hau oso egokiera ona da oporraldia igarotzera Eibarrera etortzen diren bisitariek Eibarko xehetasun historikoak ezagutzeko, baina baita eibartarrontzat ere, zalantzarik gabe oso xehetasun interesgarriak aurkituko ditugu-eta. Orain arte egin ditugun bi edizioek hala erakutsi dute.”

Bisitetan ibilbide historiko bat egiten da kaleetatik, Estaziño tren-geltokian hasi eta Untzaga plazaraino, udaletxe parean amaituta. Bisitak gidatuko dituen pertsonak Eibar duela 100 urte nolakoa zen ulertzeko irudiak erakutsi, eta herriaren garapen historikoa azalduko du, Eibarko industriak edo gure herriak II. Errepublikaren aldarrikapenean egin zuena ahaztu gabe. Bisitaren edukia Nerea Alustiza historialari eibartarrak landu du —Eibarko bisitetan aditu eta aritua den pertsona— eta bera izango da gida-lanak egingo dituena.

Bisita gidatuen iraupena ordu eta erdikoa izango da eta astearte eta ostiraletan egingo da, 18:30etik 20:00etara, eta abuztuaren 14an eta 21ean (igandeak), 11:00etatik 12:30era.  Bisiten prezioa 5 € eurokoa izango da helduentzat, 2,5 euro eibartar helduentzat eta 65 urtetik gorakoentzat, eta doakoak 12 urtetik beherakoentzat. NANa erakutsi beharko da bisitaren unean. Euskaraz edo gaztelaniaz egingo dira izena ematen duten pertsonen arabera.

Bisitetan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurretiaz —bisita bakoitzaren bezpera arte egin ahalko dute— 670 391 265 telefonora deituz, 11:00etatik 18:00etara, astelehenetik ostiralera, edo email bat idatziz eibarvisit@gmail.com posta-helbidera edozein ordutan.  Bisita bakoitzean gehienez 15 lagun onartuko dira.