DEBABARRENAKO TURISMO MAHAIA ABIAN DA

2011/05/09
DEBABARRENAKO TURISMO MAHAIA ABIAN DA
Maiatzak 5ean egin zuen lehen bilera Debabarreneko Turismo Mahaiak Debegesaren egoitzan eta, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuorde Pilar Zorrillak hartu zuen parte.

Atzo egin zen Debegesan Debabarrenako Turismo Mahaiaren lehen bilera. Bileran Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuorde Pilar Zorrillak hartu zuen parte, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako ordezkariekin batera. Debegesaren aldetik, Irune Berasaluze presidentea, Juan Angel Balbas zuzendaria eta Turismo Saileko teknikariak izan ziren. Azkenik, eskualdeko ordezkarien artean, zenbait politikarik, Mutriku eta Debako Turismo Bulegoetako arduradunek eta turismo sektoreko agente pribatu ezberdinek hartu zuten parte bileran. Sektore pribatu hau ostatu ezberdinek (hotel eta pentsio, kanpinak, aterpetxeak, landa-turismo eta landa-etxeak), jatetxeek eta turismo aktiboko enpresek osatzen dute.

Bileran Turismo Mahaiaren funtzio eta helburuen aurkezpena egin zen, baita Euskal Turismoaren Lehiakortasun eta Berrikuntza Plan berriaren aurkezpena ere.

Debabarrenako Turismo Mahaia eskualdeko turismoa bultzatzeko sektore publiko eta pribatuaren elkarlana sustatuko duen lantalde iraunkorra da. Ekimen turistikoak bultzatzea, azpiegitura eta zerbitzuen hobekuntza, berrikuntza sustatzea, irisgarritasuna, kalitatea, sentsibilizazio eta heziketa ekimenak edota promozio turistikoa dira Mahaiak landuko dituen gai batzuk. Honela, Debabarrenako 2008-2012 Dinamizazio Turistikorako Plana adostu zuten atzoko bileran, planean azaltzen diren proiektuen aurrerapausoak azpimarratuz.

Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuorde Pilar Zorrillak 2010-2013 Euskal Turismoaren Lehiakortasun eta Berrikuntza Planaren nondik norakoak azaldu zituen. Era berean, Euskadin turismoak 2010ean eta 2011ko lehen hiruhilabetekoan lorturiko datu onak nabarmendu zituen, Euskadin sektore turistikoak duen indar ekonomikoa azpimarratuz.

Azkenik, sektoreko enpresen kalitatea izan zuten bileran mintzagai eta Helmuga Turistikoen Kalitate programaren emaitzen laburpena egin zen. Debabarrenako 25 enpresek parte hartu dute aipatu programa honetan. Mahaia parte hartzaileen argazki batekin amaitu zen.

Expovacaciones Azoka Debabarrenako eskualdeak aurten ere bere tokia du Expovacaciones turismo azokan, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik.

  1. edizioa da aurtengoa eta igandera bitartean luzatuko da. Urtero 270.000 bisitari jasotzen ditu azokak eta 800 erakustoki hartu ohi ditu.