Inpresio onak geoparkeen europar sareko ebaluatzaileen bisitaren ondoren

2010/08/06
Inpresio onak geoparkeen europar sareko ebaluatzaileen bisitaren ondoren
Geoparkeen Europar Sarean sartzeko hautagaitza osatzen duten Deba, Mutriku eta Zumaiak sareko bi ebaluatzaileren bisita jaso dute uztailaren 26an, 27an eta 28an.

Ebaluaziorako bisita hau oso une garrantzitsua da gure hautzagaitza geoparkeen sarean sartzeko bidean. Ebaluatzaileak izan dira Geoparkeen Europar Sareko bi aditu: Alemaniako Bergstrasse-Odenwald geoparkeko Jutta Weber doktorea eta Erresuma Batuko Forest Wawr geoparkeko Tony Ramsay doktorea.

Ebaluazio programa trinkoa Geogarapen Euskal Kostaldeko Geoparkearen Kudeaketarako Elkarteak bisita programa trinkoa diseinatu du ebaluatzaileentzat, lurraldearen geologia balio nagusienak eta orokorrean, natura ondare paregabea erakusteko helburuarekin.

Ebaluazio bisita honetan, beste alderdi garrantzitsu bat izan da hezkuntzaren eta ingurumen sentsibilizazioaren eta gainean egiten diren jarduerak aurkeztea. Gainera, ebaluatzaileei erakutsi zitzaien zonaldeko turismo eskaintzaren elementu garrantzitsuenak: turismo bulegoek eskaintzen dituzten zerbitzuak, bisita gidatuak, jarduerak itsasontzian…

Ebaluatzaileek, bestalde, interes handia erakutsi zuten kultura ondarearen elementu nagusienak ezagutzeko: alderdi etnografikoak, tradizioak, gastronomia, folklorea…

Ekainberri ere bisitatu zuten, geoparkearen mutur baten dagoena, eta lurraldeko arkeologia ondare bikaina ezagutzen hasteko abiapuntu izan zena.

Eskertzekoa izan da talde teknikoak bisita programa osoan zehar jende eta erakunde askoren eskutik jaso duen laguntza, bai turismoaren alorreko jendearengandik, bai kulturaren eta zientziaren alorreko jendearengandik, bai eta herritarrengandik ere. Jende honek guztiak lagundu du lurraldearen kultura eta natura balioak eta Geoparkeen Europar Sarearen proiektuan parte hartzeko eragile guztiek duten interesa berresten.

Proiektuari babesa Aipatzekoa da ebaluatzaileek aukera izan dutela bertatik bertara ikusteko Geogarapen elkartea osatzen duten bazkideek proiektu honen alde egin duten apustu garbia; bazkideok dira Deba , Mutriku eta Zumaiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Aranzadi, UNESCO Etxea, DEBEGESA, Debemen (Debabarreneko Landa Garapenerako Elkartea) eta Urkome (Urola Kostako Landa Garapenerako Elkartea). Era berean, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko ordezkariek ere parte hartu dute bisita programan zehar, horrela, ebaluatzaileen aurrean proiektuarekiko duten interesa erakutsiz. Geogarapenek lankidetza hitzarmen estrategikoa sinatu du EHUrekin. Eusko Jaurlaritzaren babesa ere argi geratu zen; batetik, Ingurumen, Kultura eta Turismo Sailburuordeek parte hartu zutelako Mutrikuko Arkugain elkartean ebaluatzaileei eskainitako afari ofizialean, eta bestetik, bisitan zehar sail horietako hainbat teknikari eta arduradunek parte hartu zuelako.

Bisitaren ibilbidea Ebaluazio bisita Saturraranen hasi zuten, Geoparke izango litzatekeen lurraldearen ipar-mendebaldeko muturrean. Handik, Itxaspe-Sakoneta ingurura joan ziren eta hantxe, kostaldeko trekking bat egin zuten, zonaldeko paregabeko geologia eta geomorfologia ikusi ahal izateko.

Bazkaltzera Lastur landa auzunera joan ziren; ebaluatzaileekin batera bazkaldu zuten inguruko landa turismoko ekoizle eta enpresariek, baita landa elkarteetako eta Aranzadi Zientzia Elkarteko arduradunek ere. Gainera, puntu estrategikoa izan zen Lastur, hango multzo karstikoaren geologia balioak azaltzeko.

Behin Mutrikura itzulita, eta Nautilus Mutrikuko Ikasgune Geologikoa bisitatu eta gero, afari ofiziala egin zuten Arkugain elkartean, esan bezala.

Bigarren egunean, Debako turismo bulegoa eta eliza bisitatu ondoren, Zumaiara abiatu ziren denak, itsasontziz bisita geoturistikoa egiteko. Arratsaldean, Ekainberrira joan ziren, eta hantxe Kultura diputatuak egin zien harrera. Ondoren, Zumaiako Algorri Zentroa ikustera joan ziren eta ikusi ahal izan zuten hantxe eskaintzen dituzten jarduera didaktiko paregabeak. Handik Algorri muturrera abiatu ziren; hantxe, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikarien eskutik, Biotopoaren kudeaketaren gaineko alderdi interesgarrienen gaineko informazioa jaso zuten ebaluatzaileek. Bigarren bisita egun honi amaiera emateko, Zumaiako elkarte batera joan ziren afaltzera eta elkarteotako bizitza tradizionala bizi izan zuten, otxote baten laguntzarekin.

Bisitak iraun zuen hiru egunetan, talde teknikoak hainbat lan saio egin zituen eguneko bisitei hasiera eman aurretik, proiektuaren kudeaketaren hainbat alderdi gainbegiratu eta horien gainean eztabaidatzeko helburuarekin.

Inpresio positiboa Laburbilduz, azpimarratzekoa da hiru egunotan giro ona izan zela nagusi, ideiak eta inpresioak elkartrukatzeko klima emankorra nagusitu zen eta programa aurrez ikusitako moduan eta oso-osorik bete zela; ebaluatzaileek talde teknikoa zoriondu nahi izan zuten, programaren diseinuarengatik eta exekuzioagatik. Orokorrean, behin bisita amaituta, oso inpresio positiboa geratu zaio talde teknikoari eta orain itxarotea besterik ez da geratzen, urri hasieran jasoko da-eta, Geoparkeen Europar Sarearen erantzuna, ebaluazioaren gaineko ondorioekin.