I. Debabarrena BTT Martxa arrakastatsua

2009/06/29
I. Debabarrena BTT Martxa arrakastatsua
Atzo ospatu zen, Debegesak, Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak eta Debabarreneko BTT klubak (Bikeibar, Ameikutz eta Muskurutxu) antolatutako I. Debabarrena BTT Martxa, Euskadiko BTT Zentroen I. Challengeko lasterketa. Bai antolatzaileak, bai parte-hartzaileak ere oso gustura gelditu ziren. Debabarreneko, Gipuzkoako, EAEko eta Estatu mailako herri ezberdinetatik hurbildu zen jendea eta 225 parte-hartzaile inguru izan ziren bertan.

Atzoko martxan bi ibilbide proposatzen ziren, bata 25 Km.-takoa eta bestea, 45 Km.-takoa. Biak Karakate inguruan izan ziren eta nahiz eta bi ibilbideak gogorrak izan, parte-hartzaile guztiek bukatu ahal izan zuten. Ez zen istripu larririk egon. Beraz, antolatzaileak oso pozik gelditu ziren jasotako emaitzekin.

Eskualdeko parte-hartzaile ugari egon zen, baita EAEko toki ezberdinetatik etorritako txirrindulariak ere. Horien artean, Iñaki Lejarreta Errasti Bizkaitarra. 2008ko Joku Olinpikoetan, 2001 urteko Munduko Txapelketan eta 2004 urteko Livignoko Munduko Kopan momenturik hoberenak bizi izan zituen txirrindulari famatua. Zaragozatik, Palentziatik, Burgostik… ere hurbildu zen jendea.

Martxaren amaieran sari-banaketa egin zen: bazkariak, SPArako sarrerak, afariak, asteburuak, Zumaia eta Deba bitarteko Flyschera bisitak, Mutrikuko Hirigune Historikoa eta Bentalekua Museoa ezagutzeko bisita gidatuak, mendiko bastoiak, motxilak, mailotak, culoteak, kamisetak, … Eskualdeko enpresa, jatetxe, turismo bulego, ostatu… ugarik laguntzaile modura parte-hartu zuten Martxan eta beraiei esker sari ugari banatu ziren parte-hartzaileen artean.

Bestalde, nahiz eta Martxa lehiakorra ez izan, 6 trofeo banatu ziren: Zaragozatik etorritako Jesus Perez, urrunetik etorritako parte-hartzaileari; Begoña Etxeberria eta Maite Artola, parte-hartu zuten neska bakarrei; Ander Garate eta Jesus Telleria, parte-hartzaile gazte eta zaharrenari eta azkenik, Eibarko Txirrindulari Klubari, partaide gehien ekarritako taldea izateagatik.

Gaztea Irratiaren babesarekin eta CDRren laguntzaz, Gazteako entzule guztien artean mendiko bizikleta bat zozketatu zen. Irabazlea Ander Santesteban izan zen.

Horrelako froga bat antolatzeko Debegesak eta Elgoibarko Kirol Patronatuak Gipuzkoa Turismo, Euskadi Made in… eta Gipuzkoa Kirolak-en babesa izan du. Era berean, laguntzaileak ere askoi izan dira: Debako eta Mutrikuko Turismo Bulegoak, Gaztea Irratia, Kutxa, Noticias de Gipuzkoa, CDR, Argysan, Beristain Banaketak, Spa Gym, Netto, Casa Astigarraga Gys Sport, Kanala Hotela, Krabelin Hotela, Txarriduna Hotela, Goikola Nekazal Turismoa, Txerturi Goikoa, Melida Ostatua, Ibai Ondo Jatetxea, Lastur Taberna, Debemen, Urgain Jatetxea, Itxaspe Kanpinga, Olaizaga Kiroldegiko Taberna, Mañe eta Lasturko Aterpetxea.

Bestalde, Elgoibarko Kirol Patronatutik eta Degesatik, bai Eskualdeko Klubei nahiz atzo lan egin zuten 45 pertsonetik gora bolondres modura lan egin zutenei eskerrak eman nahi dizkiegu. Beraien esfortzua eta lanari esker atzoko I. Debabarrena BTT Martxa arrakastatsua izatea lortu zen. Mila esker guztioi!