Debabarrena erakusgai Kursaal-ean izan den Sevatur Ferian

2008/03/17
Debabarreneko eskualdeak bere turismo-baliabideak erakusgai izan ditu Sevaturren, Donostiako Turismo eta Ihesbiderako Nazioarteko Aretoan, pasa den asteburuan, Gipuzkoako stand-aren barne.

Debabarrenak kostaldeko nahiz barnealdeko eskaintzarik interesgarrienak erakutsi ditu. Mutriku eta Deba dira eskualdeko turismoaren bi giltzarriak, baina azkeneko ediziotan barnealdeko turismoa nabarmen igo da. Aurreko urtean Eibarko Armagintza Museoa eta Nautilus Mutrikuko Ikasgune Geologikoa izan ziren nobedadeak. Aurten, berriz, “Flysch-aren ibilbidea” da berrikuntza nagusietako bat; ibilbide honekin Zumaia eta Mutriku arteko kostaldea goza daiteke, itsasoz nahiz oinez, eta Mutrikuko Ikasgune Geologikoa eta Zumaiako Algorri Interpretazio Zentrorako bisitak ere eskura lituzkete bisitariek. Gainera, bisitari bakoitzak aukera horietatik interesgarrienak aukera ditzake, norbere nahien arabera.

Bestalde, eskualdeko bisita gidatuen eskaintza indartu dute aurten eta, ohiko bisitez gain, Lasturko bailaran zeharreko bisitaldia aurkeztu dute.

Berrikuntza horiez gain, laster batean abian jarriko diren bi proiekturen gaineko argibideak ere eman dituzte: Mutriku, Deba eta Eibarko audiogidak eta Sabore,Zapore Bide Gastronomikoak.

Sevatur-era joatearen garrantzia, barne-turismoak duen pisu erlatiboan datza. Izan ere, Deba eta Mutrikuko turismo bulegoetako datuek garbi azaltzen dute EAEren barnean eskaintza turistikoa lantzeak duen garrantzia. Kasurik gehienetan egun bateko bisitak edo asteburuko ihesaldiak dira baina honek urte osoan duen bolumenak garrantzi handia du. Bestalde, barneko turismo honek eskualdeko turismo eskaintza urte osoan zehar zabaltzen laguntzen du.

SEVATUR, 7.000 metro karraturekin eta 70 erakustoki baino gehiagorekin, EAEko turismoaren topaleku garrantzitsua da. Hau dela-eta, azokak 18.000 bisitari baino gehiago jasotzen du.

Eskualdeko turismo-arduradunak eta Debegesako ordezkariak Debabarreneko stand-ean izan dira asteburu honetan zehar, Gipuzkoako standaren barnean, gure eskualdeak bisitariari eskaintzen dion guztiaren berri emateko intentzioz. Dudarik gabe, Aste Santua hain gertu izanda, Kursaal-ekoa zita garrantzitsua izan da gure eskualdearen promoziorako.