1997-2007, hamar urte turismora begira Debabarrenean

2008/01/04
1997-2007, hamar urte turismora begira Debabarrenean
Azken 10 urteetan Debabarreneko eskualdeak urteen joanaren erritmora egokitzen asmatu du, eta eskualde izaera oinarritzat hartuta etengabeko garapen-bidean jarraitu du. Eta horri jarraiki, turismoaren arloa izan da garapen horren motor eta gidari nagusietako bat. Halaxe berretsi digu Kristina Iturriagagoitia Debegesako Turismoa Saileko arduradunak.

Azken 10 urteetan Debabarreneko eskualdeak urteen joanaren erritmora egokitzen asmatu du, eta eskualde izaera oinarritzat hartuta etengabeko garapen-bidean jarraitu du. Eta horri jarraiki, turismoaren arloa izan da garapen horren motor eta gidari nagusietako bat. Halaxe berretsi digu Kristina Iturriagagoitia Debegesako Turismoa Saileko arduradunak.

Debabarreneko turismoak aldaketa handiak izan ditu azken urteotan; baina zein izan dira, zehazki, aldaketok?

Oinarrizko aldaketak izan direla uste dut; gehienak hobekuntzak, nahiz eta bestelakorik ere izan den.

Has gaitezen hobekuntzekin, bada.

Orain 10 urte, eskualdeko turismoaren kudeaketa lanetan hasi nintzenean, eskualde osoan 8 hotel soilik genituen, eta horietatik bik uda-sasoian bakarrik zabaltzen zituzten ateak.

Egun, 13 hotel ditugu eta beste bi berehala zabaltzekotan dira: guztira, 562 ostatu-plaza, urte osoan. Ostatu-ahalmena %37 igo da hotel eta pentsioetan. Horrez gain, 18 landa-etxe eta 3 aterpetxe ere baditugu. Beraz, orain 10 urte Debabarreneko ahulgune garrantzitsuena zen azpiegitura falta behar bezala sustatu dugula uste dut.

Bestalde, Debako nahiz Mutrikuko turismo-bulegoak urte osoan zabalik izateak nabarmen hobetu du bisitariekiko arretaren kalitatea. DEBABARRENA turistikoki erakargarri egiteko bidean, turismo kulturalak garrantzia handia izan du eta museo dezente zabaldu dira: Nautilus, Bentalekua, Armagintza Museoa eta Makina-erreminta museoa. Orotariko ekintzen eskaintza berriak ere gure irudia hobetzen lagundu du.

Aipaturiko guztiari gune estrategikoen birgaitzea (begiratokiak, Debako hondartza…), Mutrikuko portuko lanak, Deba ibaiaren errekuperazioa, lotuneen hobekuntza eta abarrak gehitzeak Debabarrenari arlo turistikoan aurrera egiteko balioa eta indarra eman dio.

Halere, esan duzu arestian izan dela bestelako gertaerarik ere; zehazki, zertaz ari zinen?

Zehazki, Ekain II proiektua Astigarribiara ekarri ez izanak sorturiko atsekabeaz ari nintzen.

Lagun askoren ilusioarekin eta lanarekin aurrera eraman nahi zen proiektua zen Ekaingoa, eta guztia bertan behera geratu zen azkenean. Halere, bide itsu hori atzean utzi eta zidor berriak aurkitzen asmatu dugula uste dut.

Azkenik, azken balantzea eta etorkizuna lotze aldera, zer aipatuko zenuke?

Finean, esango nuke Debabarrenean lan asko egin dela, bai erakunde publikoek nahiz turismoaren alde egin duten promotore eta enpresaburuek. Halere, lan asko dago egiteko oraindik eta gure intentzioa Euskal Lehiakortasun Planaren oinarriek atxikita lan egiten jarraitzea da. Plan honek euskal turismoa produktu anitz gisa aurkezten du, eta gure eskualdea ederki egokitzen da claim horretara; turismo naturala eta kulturala biltzen dituen “DEBABARRENA, BENETAKO EUSKAL HERRIA” horretara, hain zuzen ere.