Itsasorako itzulia, izan ginenerako itzulia

2007/08/10
Jakin-minaren ilarak itzal egiten du Zumaiko pantalanean. Familiak, bikoteak, autonomoak, erdaldunak, elebidunak nahiz hitzaren ekonomialariak: denetik dago. Eta denak ala denak Johny Maracas-en zain, Debaraino eramango gaituen txaluparen zain. Tinko eusten dio Anttonek lemari, eta orro eginarazten motorrari; bai baitaki Aitorrek egokiro prestatu duena. Atzean dago, bere txandaren zain Estela, uste duena baina gaztelania hobearen jabe zientzialari axkoittiarra. Poliki-poliki bagoaz itsasoan barnako itzulian, paisaiek historia pixka bat erakuts diezaguten. Ea zerbait ikasten dugun: gure kostaren ederrak itsutu baikaitzake eta gure paradisu honen historia ulertzeke utzi.

Gisa honetan utzi du Maracas-ek pantalana atzean eta, Paola atzean utziz, itsaso zabalera doa, txalupa eta gure hesteak dantzatuz. Itsasoa hazten doala dirudi eta itsaslabarrak gailen ageri dira. Hemendik aurrera ez dugu beste lanik tente mantendu, argazkiak atera eta gure txoko honetan bizitzaren pribilegiotik gozatzea ez denik.

Handik gutxira dator Estela, Zumaiko Algorri Interpretazio Zentroko kidea. Bere lehen azalpena.”Itsaslabar hauek bereziak dira kapetan osatzen direlako, eta horri flysch deitzen diogu: hitz alemana da eta labainketa esan nahi du”. Lezio garbia aurrenekoa; atzetik gehiago etorriko dira.

Hemendik aurrerakoak beretzat hartzen ditu batek Estelaren hitzak, lapitzaren jabe izatearen ausardiaz (edo axolagabekeriaz). Jite honetan aurrera goaz garai batean itsas-hondoan zeuden labarrei begira. Flysch-a ez da, hortaz, euskal kostaren ezaugarria soilik; barnealdera joz gero ere ikus ditzakegu: autopistetako haitzetan, obretan… Horregatik, dinosauroen aztarnak bilatu nahi dituenak Errioxa aldera jo beharko du; hemen itsas espezieen aztarnak soilik aurkituko ditugu. Euskal Herria itsasora oso loturik egon denaren adibide onena dugu hau.

Deba eta Zumaia arteko kostaldea biotopo babestu izendatuko dute laster: parke natural mailako izendapena da, azaltze aldera. Finean, urbanizatzetik eta arrantza profesionaletik babestu nahi dute. Zona honek balio geologiko, geomorfologiko nahiz biologiko itzela du eta, hori dela-eta, aspaldidanik ari dira babestu nahian. Ubarroi bat doa hegan gure albotik, Estelaren esanak baieztatzeko-edo.

Balio geologikoa

Hain da zona baliotsua, balio hori ere hiru zatitan banatu dutela adituek: hobeto hausnar dezagun. Balio geologikoa da horietan aurrena eta, ondo ulertzeko, Euskal Herria ur azpian zegoen garairaino jo behar dugu atzera; Iberiar penintsula irla zen sasoiraino, gehiago esanda.

Gerora, plaka tektonikoen talka baten ondorioz, egun Pirinio gisa ezagutzen ditugunak altxa ziren. Hain izan zen talka bortitza, Pirinioen ingurukoak era altxa zirela.

Horrez gain, kontuan hartu behar dugu nola ibaietako sedimentuak, behin itsasoratuta, kapetan biltzen diren itsas hondoan. Hala, denboraren poderioz, kapa ugari sortzen dira. Hala, labar hauetan ageri diren kapa bakoitzak 10.000 urtean bildutako sedimentu eta maskor fosilduak biltzen ditu. Horrek gure kosta aire libreko museo bihurtzen du.

Horrexegatik atsegin dute geologoek zona hau: itsasoak kapa horiek guztiak bistan uzten dituelako eta ez delako lurrik mugitu behar laginak aztertzeko. Halere, zona hau harik eta bereziagoa da. Izan ere, zati honetan ageri dira duela 100 milioi urtetatik duela 50 milioi urtera arteko kapak, hurrenez hurren eta bere osotasunean. Beste lekuetan, garai askotako kapak kaotikoki nahasten dira, baina hemen 50 milioi urte horietako kapak galerarik gabe eta jarraian mantentzen dira. Beste era batera esanda, beste lekuetan Historiaren liburuko orriak aurki ditzakegu; hemen, ordea, kapitulu osoa daukagu agerian, etenik gabe. Horregatik, Historiaren liburutzat dute zona hau.

Balio geomorfologikoa

Balio geomorfologikoa edo paisaiaren balioa, bestela esanda. Eta hemen labarrak aurkitzen ditugu, labarren gainean. Hori guztia itsasoaren higaduraren ondorio da, mendiak jaten joan baita. Hala, marearteko zabalgune bezala ezagutzen duguna flysch-aren jarraipena besterik ez da. Deba eta Zumaia arteko marearteko zabalgunea Europako zabalena da, 8 kilometrorekin.

Hain da zoragarria paisaia, zorabiatzeko gai dela, haurtxo ilehoriari gertatu zaion legez: txaluparen dilin-dalanen lehen biktima.

Balio biologikoa, baita ere…

Ur-azalean bizitza gutxi ageri den arren, marearteko zabalguneko zonan 250etik gora espezie daude katalogatuak, animaliak nahiz algak. Espezie hauek Kantauri itsasoko berak dira. Halere, animaliek eta algek euren bizitokitzat hartzen dituzte marearteko zonako haitzarteetan. Hala, bioaniztasun handiko zona bihurtzen da hau, bestetan baino gehiago. Horregatik ari dira, baita ere, zona hau babestu nahian. Gainera, itsasbeheran asko dira haitzarteetan nahiz putzu txikietan leku hartzen duten animaliak: lapak, olagarroak, kabuxak…

Debako septareak

Debako hondartzetatik gertu, labarrak kolore ilunagoa hartzen duten tokian aurkitzen dira septareak.

Buztinezko labar hauetan nodulu batzuk(harri borobil antzekoak) agertzen dira. Barruan arrakalak dituzte, lehertu balira bezala. Gaur egun, arrakala horiek kristalduta daude. Begiratu batean, barruan izar itxurako marrazkiak dituzten harriak dirudite. Kristalizazioa barruko noduluak erlaxatu eta lehertu zirenean gertatu zen. Itsas hondoan zeudenez, ura sartu zen arrakaletan eta, buztinarekin erreakzionatu ostean, kaltzitaz bete ziren. Gure kostaldeko altxor bat gehiago dira septarea hauek.

Behin Debako Santiago hondartzara helduta, ontziak buelta hartu eta Zumairantz goaz berriro: joanerakoan galdu ditugunak gozatzeko bigarren aukera.

Dinosauroen inkognita

Zumaira heldu aurretik, ordea, badugu sorpresarik. Zumaitik gertu dagoen irtendako pareta gorrixka batean inguruko kaparik garrantzitsuenetako aurki dezakegu. Kapa honek duela 65 milioi urtetako sedimentuak gordetzen ditu; dinosauroak iraungi ziren garaikoak, hain zuzen ere. Adituek iridioa aurkitu dute bertan. Iridio ez da gure planetako elementua eta, horregatik, meteorito baten zatia dela uste dute. Hala, dinosauroen iraungitze-garaiko kapa bera denez, haien desagerpena meteorito baten talkaren ondorioz izan zela diotenak indartuta atera dira aurkikuntza honekin. Izan ere, aipatu kapa honen aurrekoetan ammonite arrastoak aurkitu dira, baina geroagoko garaietako kapetan arrastorik ez. Beraz, hainbat espezieren iraungitzearen arrazoia meteorito horren iridiotik arrazoitzen dute askok.

Gure bidaia lotsagorrituko den Estelarentzako txalo-zaparrada batekin bukatu da, Anttonek eskatuta. Balantzez, naturaz, Historiaz eta zientzia-lezioz bustitako ordu eta laurdena izan da. Baina, batez ere, gu bezalako zortedunentzako ordu eta laurdena.