“Xarma handia du Mutrikuk eta horrek beti ekarriko ditu turistak herrira”

2007/07/20
Marta Amonarriz, Mutrikuko Turismo Bulegoko teknikoa Tolosatik Mutrikura etorri eta harria topatu. Hala dio Martak, zer da Mutriku? galdetzean: harria. Harria eta xarma, itsasoan gora. Harria, beraz, eta gogorra. Gogorra, mutrikuarrak bezala. Zaildua, eta landua: harria nahiz herria. Besterik gabe, harrituta geratu omen zen orain lau urte Mutriku ezagutzean, gaur arte. Eta orain bi urte eta erdidanik kanpotarrentzako aurpegia da Turismo Bulegoan. Mutrikuz hitz egin digu, bere ahotik. Ez dago foileto hoberik.

Eguraldi txarra aurtengo udan.

Hala da bai. Ekaina txarra egin du; uztailik egin ere ez du egin, finean. Itxurazko egun gutxi aurtengo udan.

Igartzen al da aurten jende gutxiago dabilenik?

Antzematen da bai. Eguraldiak ere izango du horrekin zerikusirik. Horrez gain, 2005ean Txurrukaren heriotzaren bigarren mendeurrena eta jende asko ekarri zuen horrek herria. Iaz ere horren eraginez jende dezente etorri zen; su-etenak ere zerikusia izango zuen… Eta aurten jende gutxiago izatea ere normala da. Turismoak historikoki gorabeherak izaten ditu. Gainera, jendearen mugimendua ausazkoa da, ez dago kontrolatzerik. Hortaz, badakigu 2006ko oldea pikoa izan zela eta aurreikusten genuewn ondorengo urteetan jende gutxiago ibiliko zela.

Aurreikuspenak egitea alferrik, beraz.

Hala da bai. Guk badakigu, gutxi-gehiago, turistak urtero datozela herrira eta horiei zerbitzu egokia ematen saiatzen gara. Gure arazoa da Mutrikuk ostatu emateko leku gutxi duela. Hortaz, zaila da jendea denbora luzez herria egonaraztea. Nolanahi ere, datorren urtera begira ostalaritza-proiektu berriak martxan daude. Horren harira jarri ditugu abian bisita gidatuak: egun-pasa datorrenak Mutrikuren esentzia ezagut dezan.

Ze arrakasta dute bisita gidatuek?

Iazkoan harrera ona izan zuten eta, aurten ere, jende asko animatu da. Izan ere, bisita gidatuen aitzakian turista Mutriku herri-gune historikoarekin erlazionatzen ari da; turismo kulturalaren adibide gisa, alegia. Bestalde, bisitak urte osoan egin ahal izateak indartu egin du, bai herria nahiz turismoa.

Turismo kulturala aipatu duzu. Beraz, turista mota espezifikoa al da Mutrikura datorrena?

Denetarik dago. Adinari erreparatuz, 27-50 urte artekoak dira gehienak. Hortik gorakoak nahiz beherakoak gutxiago etortzen dira. Jatorriari begiratuz, kataluniarrak dira nagusi eta, horien atzetik, madrildarrak eta frantsesak; hortik aurrera holandarrak, ingelesak… Gehienak bikoteak izaten dira, gainera. Kanpinera datoz gehienak eta, beraz, gisa horretako turistak dira nagusi Mutrikun.

Zelan moldatzen dira herritarrak eta turistak?

Inoiz ez dugu kexarik entzun behintzat; ez turisten ezta mutrikuarren aldetik ere. Halere, agian mutrikuarrek ez dute turismoa orain arte baliabide baten gisa ikusi; pixkanaka, ari dira horretaz ohartzen.

Debabarreneko eskualdea erakargarria dela dudarik ez da, baina zer duzu zeuk gustukoen?

Ezkutuan dauden zokoak ditut atsegin: Lastur, Olatz, Elgoibarko San Pedro… Ez dira gehien bisitatzen diren lekuak baina duten xarma berezia zait benetan. Horiez gain, eskualdeko zona naturalak goraipatuko nituzke. Debabarrena zona industrial gisa ezagutu izan da betidanik, baina harrigarria da zeinen zona natural ederrak dituen. (…) Kanpotarrek, berriz, Debabarrena ez dute eskualde gisa ezagutzen, Euskal Herriko kostaren zati gisa baizik. Gainera, eskualdeko bi itsas-herriak osagarriak direla esango nuke: Debak hondartza handi eta erosoa eskaintzen du eta Mutrikuk, berriz, alde zaharraren xarma itsasten dio itsas giro horri. Turista-mota askorentzako eskaintza du, beraz, Debabarrenak.

Mutrikura etorriz, atsegin duzuna agerikoa da. Baina zerk egiten du Mutriku horren berezi?

Xarma du Mutrikuk, erruz. Herri txikia da, harriz egina, itsasotik hasi eta goraino. Horrexegatik hasi nintzen herrira etortzen. Gero, igerilekua ere oso toki berezia da; bakarra. Eta turistek usaindu egiten dute xarma hori. Hori bai, gisa horretako turismoa atsegin dutenentzat da egokia. Esaterako, adindunentzat ez da herri aproposena, dituen maldengatik. Baina igogailuak jartzeko lanak martxan dira!

Beste aldetik begiratuz, ordea, maldak herri-gunearen xarmaren parte dira. Harria aldapen gorabeheran. Dena harriz egina dago: portua, hondartza, mareartea… Jendea harritzen du horrek.

Eta herriak zer falta du?

Ostatu hartzeko leku gutxi du. Eta daudenei eskaintza berriak gehituko nizkieke. Esaterako, kanpinei eguraldi txarrarentzako alternatibak bilatuko nizkieke: bungalowak, apartamenduak…

Halere, herritarrak ohartu dira horretaz eta, horren adibide dira hurrengo urterako datozen nekazalturismo, hotel eta abarrak.

Ekintza aldetik ere ari gara eskaintza handitzeko lanean. Hala, interpretazio-zentro berria zabalduko dugu aurki: Nautilusa. Horri lotuta bisita gidatuak antolatu ditugu. Horietako batean, zentroa ikusi ostean portura jaitsi eta itsasontzi batean erakustetako fosilak nondik hartu diren erakutsiko du geologo batek. Bi orduko bisita izango da, eta horietatik 40 minutu itsasontzian, Saturraranaino joan eta etorri. Polita izango dela uste dugu.

Beraz, turistikoki etorkizunera begira dago Mutriku.

Dudarik gabe. Gainera, portuko proiektuak zerikusi handia izango du turismo arloan, lehen esan bezala. Halere, argi dagoena da Mutrikuk xarma handia duela eta horrek beti ekarriko ditu turistak herria. Lehengai asko du herria, turistikoki hitz eginda: igerilekua, portua, alde zaharra… Ez zaigu lanik faltako!