Abian da Euskal Bizikleta

2006/05/31
Euskal Bizikletaren hasierarekin Debabarrenako urteko kirol ekitaldi garrantzitsuena iritis da.

Ibilbideak 5 etapa izango ditu, batek bi sektore izango ditu eta guztira, txirrindulariek 800 kilometro egin beharko dituzte. Aurtengo edizioan, besteak beste, honako taldeek parte hartuko dute: Euskaltel - Euskadi, Kaiku, Orbea, Caisse D?epargne – Illes Balears, Saunier Duval – Prodir edota Liberty Seguros – Wurth.

Lehenengo etapak, Eibar eta Arrigorriaga artekoak, 165,5 kilometro izango ditu. Bigarrena, Arrigorriagatik abiatuko da eta Ispasterreraino iritsiko da 174 kilometro igaro ondoren. Etapa honetan txirrindulariek 7 mendate igo beharko dituzte. Hirugarrenean, 5 mendate igo ondoren, Euskal Bizikleta Gatzagaraino iritsiko da 190,9 kilometro luze egin eta gero. Azkenaurreko etapa berriz, bi sektoretan banatuko da, lehena Aguraina iritsiko da eta bigarrenean txirrindulariek erlojuaren kontrako 21,2 kilometroko froga egin beharko dute Agurainen bertan.

Dudarik gabe, Euskal Bizikletaren etapa erregina Arrateko Santutegian amaitzen dena da. Txirrindulariak Iurretan ETBk duen egoitzatik abiatuko dira eta 157,5 kilometro ibili ondoren Arratera iritsiko dira. Lerro hauen bitartez, guztioi Arrate ingurura hurbiltzeko deialdia luzatzen dizuegu. Bertan, igandean, kirol ekitaldi ezinobea ospatuko baita ingurune paregabean.

Euskal Bizikleta 2006ak merezitako omenaldia eskeiniko dio garai guztietako txirrindulari onenetariko bati. Txomin Perurenak 157 garaipen lortu ditu bere ibilbide profesionalean eta gainera, Eibarren profesional gisa garaipen gehien lortu duen txirrindularia da.

Debabarrena Turismo-ko arduradunek stand berezi bat prestatu dute Aguraingo helmugara iristen diren guztiei gure eskualdeko eskeintza turistikoaren berri emateko.