Elgoibarko Nazioarteko Folklore Jaialdia

2004/07/20
Elgoibarko Haritz Euskal Dantzari Taldeak, Udaleko Kultura Sailarekin elkarlanean urtero antolatzen duen Nazioarteko Folklore Jaialdiaren XVIII. edizioa hilaren 23an ospatuko da. Olaizaga kiroldegian burutuko den dantza jaialdi hau gaueko 22:30etan hasiko da eta bertan, Elgoibarko Haritz Euskal dantzari Taldeko lagunekin batera, Malta eta Hungariatik etorritako beste bi talde arituko dira dantzan gerturatutakoen gozamenerako (Hungariako “Nyírség Dantza Folkloriko Taldea” eta Maltako “Paul Curmi Dancers” taldeak).

Haritz Euskal Dantza Taldeak emanaldiaren lehen zatian, kostaldeko Dantzak eskeiniko dizkigute. Ondoren,bigarren zatian, dantza solteek izango dute lekua(jota, fandangoa, trikitixa, orripekoa...bezela ezagutzen direnak). Malta eta Hungariatik etorritako taldeei dagokionean esan, beren musika eta dantzez liluratuta bertara hurbiltzen garenok,beraien kultura ezagutu eta gozatzeko aukera ezinhobea izango dugu.

Sarrerak Txankakua Merkatarien Elkarteko dendetan eros daitezke. Prezioa 3 eurokoa izango da jubilatuentzat, 14 urtetik beherakoentzat, eta gazte txartela dutenentzat. Gainontzekoek 5 euro ordaindu beharko dituzte Folklore jaialdia ikusteko. Aurreko urteetan legez Txankakuako dendetan sarrerak erosten dituztenen artean lau sari banatuko ditu Txankakua Dendarien Elkarteak. Sari bakoitza 60 eurokoa izango da, eta irabazleek Txankakuako dendetan erosketak egin ahal izango dituzte diru horrekin.

Informazio gehiagorako hemen