Mutrikuko "Talaixa" gunearen berreskurapena martxan

2004/04/20
Debegesak eta Udaletxeak Mutrikuko "Talaixa" gunearen berreskurapen proiektua jarri dute martxan. Aranzadi Elkarteak inguruko ikasketa historiko integrala hasi zuen Aste Santu aurretik eta jendeak Pasko Astean, hondalanak bisitatzeko aukera izan du.

Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteak, Debegesak, eta Mutrikuko Udalak Eskualdeko Dinamizazio Turistikoko Planaren barruan, Mutrikuko "Talaixa" gunearen egokitzapen proiektua jarri dute martxan.

"Talaixa" guneak bista eta paisaia izugarriak ditu eta 60. hamarkadararte arrantzaleei arrantza eta eguraldiari buruzko gorabeherak iragartzeko erabiltzen zen. Egokitzapen honen helburua "Talaixa" gunearen balore turistikoa bultzatzea da. Horretarako, "Talaixa"ko ingurua eta sarbidea berritu eta egokituko dira eta seinalizazioa egingo da.

Gainera, aparkaleku txiki bat eraikiko da inguruan eta panel informatiboak eta prisma ikusgailu bat ipiniko dira. Mutrikuko Udaletxearen proiektu honen aurrekontua 64.000 euro baino gehiagokoa da eta Debegesaren gestioaren bitartez Eusko Jaurlaritzako Industri eta Turismo Sailak eta Nekazaritza eta Arrantza Sailak eskaintzen dituzten diru-laguntzak lortu ditu.

Egin beharreko lanen lehen urratsa bezala, hilaren 5ean Aranzadi Elkarteak inguruko ikasketa historiko integrala hasi zuen eremuan hondalanak eginez. Aranzadik "Talaixa" gune hori balio historiko haundikoa dela uste du, elkartearen esanetan, "Mutrikuk balearen arrantzarekin izan duen lotura baietsiz".

Hondalanak dagoeneko bukatuta daude, materiala aztertzeko eraman dute eta emaitzak eduki ahala ezagutzera emango dira konklusioak.