100% Basque: Debabarreneko jaiak

2019/06/21
Ekainaren bukaeran Eibarren hasi eta abuztuaren bukaerara arte Elgoibarren, uda osoa jairik jai igaro dezakezu Debabarrenean. Ez itzazu galdu!

Uda iritsi da, eta jende askorentzat oporren sasoia ere. Debabarrena aukeratu baduzue zuen helmuga izateko, seguraski Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkea ezagutzeko asmoa duzuelako izango da, oinez edota itsasontziz. Edo baliteke gure ibilbideen sarea aukeratzea, paisaia harrigarriez gain, gure historiaren parte bat ezagutzeko. Eta zer iruditzen zaizue gure herriak ezagutzea? Euren kaleetan altxor ezkutu asko aurkituko dituzue: dorretxeak, museoak… Baliteke, gainera, gure kostaldean, herrietan, edota mendietan barrena zabizten bitartean, musika eta barre-algaren soinuak iristea. Udarekin batera, Debabarrenera jaiak ere iristen baitira.

Euskadiko ia herri guztietan ohitura den bezala, Debabarrenean ere herri bakoitzak patroi bat dauka. Haren ohorez ospatzen dira herri bakoitzeko jai nagusiak. Gainera, Debabarreneko auzo gehienek beraien baseliza daukate, eta dagokion santuaren egunean jaiak antolatzen dituzte urte osoan zehar. Eta hau guztia gutxi balitz, Debabarrenean gai askotako jaiak, azokak, lehiaketak, jardunaldiak eta beste asko ospatzen ditugu, urte osoan gure herriak girotzeko.

Orokorrean, jai nagusiak udaletxeko balkoitik zuziri bat jaurtitzearekin hasten dira, “txupinazoa” bezala ezagutzen dena. Jarraian txarangek musikaz alaitzen dituzte herriko kaleak. Jaietako ekitaldiak herriz herri aldatzen diren arren, batzuk herri guztietan egiten dira. Horien artean nabarmentzekoak dira euskal kulturarekin lotutakoak: herri kirolak, harrijasotzaileak edo aizkolariak esaterako, edo dantza txapelketak. Herri askotan bertsolari txapelketak ere antolatzen dira, euskal kulturaren ahozko tradizioaren adierazgarri. Beharbada herri guztietan trikitilari edo txistulari talde batekin topo egingo duzu, jaiak girotzen. Arrakasta handia izaten duen beste ekintza bat entzierroak dira, batez ere Debako jaietan.

Debabarreneko herri askotako jaietan nahitaezkoa den beste ekintza bat danborrada izaten da. Gipuzkoako ezagunena duda gabe Donostiakoa da, San Sebastian egunean egiten dena. Baina gure eskualdekoak ez dira atzean geratzen, baliabideetan ez bada, alaitasunean behintzat. Hainbat herritan haur danborradak ere ospatzen dira, haurrei zuzendutako bestelako ekintzekin batera: pailazo ikuskizunak, kale antzerkiak, jolasak, etab.

Eibarrek irekitzen du jai sasoia, San Juanekin, ekainaren 29ra arte ospatzen direnak. Data hauetan inguruan ibiltzeko asmoa badaukazu, ez galdu danborrada, ekainaren 23an ospatzen dena. Uztailean Mutrikuk hartzen du lekukoa, Malen jaiekin, uztailaren 22an, eta besteak beste mundu mailako zesta punta txapelketa bat antolatzen du. Jarraian Ermuak Santiago jaiak ospatzen ditu 25ean, eta askotariko ekintzen artean Erdi Aroko merkatu bat ere antolatu ohi du. Soraluzen Santiago eta Santa Ana ospatzen dira, uztailaren 25 eta 26, eta nabarmentzekoa da bakailao lehiaketa, partehartzaileek aurkezten dutena dastatzeko aukera ematen duena. Mendaron ere Santa Ana ospatzen da, hilaren 26an, aizkolari txapelketa batekin. Abuztuan, Mallabiak Andra Mari jaiak ospatzen ditu, hilaren 15ean, bertsolari saio batekin. Debako San Roke jaietako entzierroak benetan ikusgarriak dira, hilaren 16an, eta herriko plazan egiten den zezenketa batekin amaitzen dira. Eta sasoia amaitzeko, Elgoibarko San Bartolome jaiak, hilaren 24an. Herriko Bandak emanaldi benetan zoragarriak antolatzen ditu, bai bakarrik, baita dantza taldearekin batera ere.

Hauetaz gain, esan bezala, Debabarrenean urte osoan dago zer ospatu. Hemen ikusi dezakezu 2019ko ekitaldien egutegia. Zeren zain zaude etortzeko?