Europako Geoparkeen Astea

2017
Maiatza
19
Noiz:
2017/05/19 09:00
2017/06/04 22:00
Non:
Euskal Kostaldeko Geoparkea
Gehitu zure egutegira
iCal iCal
Maiatzaren 19tik ekainaren 4ra egingo da zazpigarren aldiz Europako Geoparkeen Astea; Europan dauden geoparke guztiek parte hartuko dute egitasmo honetan herritarrentzat ekitaldi ugari eskainiz, tokian tokiko ondarea ezagutarazi eta babesteko mezua helaraziz. • Hitzaldiak, doako bisita gidatuak, irteera geologikoak, marrazki lehiaketa eta Deba eta Zumaia arteko itsaslabarrak garbitzeko auzolana antolatu ditu Geoparkeak. Anima zaitez eta parte hartu Geoparkeen Astean!

Ostiralean, hilak 19, emango dio hasiera Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkeak Europako Geoparkeen Asteari. Zazpigarren edizioa beteko du aurten Deban, Mutrikun eta Zumaian. Ekimen hau Europan egun dauden 69 geoparkeetan egingo da aldi berean, lurralde bakoitzeko ondare geologikoa, naturala eta kulturala herritarrei gerturatzeko helburuarekin.

Aurtengo egitaraua aurkezteko agerraldia egin dute gaur Zumaian hiru udalerrietako alkateek, Oier Korta Zumaiako alkateak, Pedro Bengoetxea Debako alkateak eta Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak. Haiekin batera egon dira Zumaiako Turismo teknikaria, Esti Irureta, eta Geoparkeko arduraduna, Leire Barriuso. Egitarauaren berri eman du Barriusok luze eta zabal eta herritarrei parte hartzeko gonbitea luzatu die. Halaber, agerraldian parte hartu du Zumaiako GKN Driveline enpresako gerenteak, Txomin Oronozek, kostaldeko garbiketan beraien partaidetzari buruzko zehaztasunak emateko.

Geo-Talks, Donostian

Lehen ekitaldia Donostian egingo da ostiralean, hilak 19, Olatu Talka Jaialdiaren baitan, UrbanZientziaren egitarauaren barruan. Geo-Talks izenburupean, zientzialariek eta kultur sortzaileek bat egingo duten ikuskizuna izango da. Hitzaldi zientifiko laburrak, musika, antzerkia, bertsoak eta marrazkia uztartuko dira. Ekitaldia 18:00etan hasiko da, Donostiako Katalunia Plazan jarriko duten karpan.

Europako Geoparkeen Asteko gainerako ekitaldiak Deban, Mutrikun eta Zumaian egingo dira, Geoparkea osatzen duten hiru herrietan. Hitzaldiak, doako bisita gidatuak, irteera geologikoak, marrazki lehiaketa eta Deba eta Zumaia arteko itsaslabarrak garbitzeko auzolana antolatu ditu Geoparkeak. Geoparkeen Asteko egitaraua ekainaren 4ra arte luzatuko da.

Kostaldearen garbiketa, maiatzaren 27an

Deba eta Zumaia arteko itsaslabarretan egingo den garbiketa aurtengo ekitaldirik nabarmenena da. Herritarrak ingurune horrek duen ingurumen balioaz jabetzea eta kontzientziazio lan horretan auzolanaren bitartez partaide aktibo bihurtzea du helburu ekimenak.

Labarretan pilatutako hondakinak eta plastikoak biltzeko garbiketa datorren maiatzaren 27an egingo da, larunbatez, Deba-Zumaia Biotopoan, Elorriaga inguruko labarretan (Itziar, Deba). Euskal Kostaldeko Geoparkeak Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Zumaiako GKN enpresaren eta Surfrider Foundation Europe elkarteko kideen laguntza izango du. Halaber, Eusko Jaurlaritzako "Aztertu" ingurumen heziketarako programak ere bat egin du ekimenarekin.

Geoparkeak deialdia egin nahi die Debako, Mutrikuko eta Zumaiako zein inguruko herritarrei gure ondare naturala zaindu beharraren garrantziaz ohartaraztea helburu duen ekintza honetan parte har dezaten (gutxieneko adina, 14 urte).

Goizeko 8:30ean autobusak aterako dira Debatik eta Zumaiatik, boluntarioak Elorriagaraino eramateko, bertatik jaitsiko baitira labarretara. Deban, Alamedatik aterako da autobusa eta Zumaian, GKN enpresatik.

Gipuzkoako Foru Aldundiko langileek garbiketan parte hartuko duten boluntarioen lana bideratu eta zuzenduko dute. Edukiera handiko zabor poltsak beteko dituzte eta, ondoren, helikoptero batek eramango ditu zakuak Elorriagan kokatuko den gunera.

Garbiketan parte hartzeko interesa duten guztiek izena eman behar dute aurrez, www.geoparkea.com webgunearen bitartez edota geoparkea@geoparkea.com epostara idatziz, honako datu hauek adieraziz: izen-abizenak, NAN zenbakia, jaiotze-data, eposta eta telefonoa (datu pertsonalak segurua egiteko erabiliko dira).

Kontsultatu Europako Geoparkeen Astearen baitan antolatu diren ekintza guztiak eta parte hartu! Ederra izango da!