Elgoibarko IX. Pintxo Lehiaketa

2017
Ekaina
28
Noiz:
2017/06/28 19:00
2017/06/30 22:00
Non:
Elgoibar
Gehitu zure egutegira
iCal iCal
Helburuak udalerriko ostalaritzako sektorean euskararen erabilera bultzatzea eta tokiko gastronomia suspertzea dira. 2017ko lehiaketaren berrikuntzarik nagusiena sarietan banatuko den diru kopurua izango da. Aurten, 450 euro banatuko dira, iaz baino 300 euro gehiago. Lehiaketara aurkeztu diren pintxo guztientzat salmenta prezio bera jarri da: 1,40 euro

Elgoibarko Udalak bederatzigarren urtez jarraian Pintxo Lehiaketa antolatu du, udalerriko ostalaritzako sektorean euskararen erabilera bultzatzea, eta bidenabar, Elgoibarko gastronomia suspertzearen helburuarekin.

Aurtengo lehiaketa ekainaren 28, 29 eta 30ean (asteazkenetik ostiralera) egingo da, eta bertan, 26 establezimenduk parte hartuko dute. Hala, establezimendu horiek, 19:00etatik 22:00etara bitartean, herritarren esku jarriko dituzte lehiaketako pintxoak.

Lehiaketara aurkeztu diren pintxo guztientzat salmenta prezio bera jarri da, hain zuzen ere, 1,40 eurokoa.

Ane Beitiak, Elgoibarko alkateak adierazi duenez: “gure ustetan, lehiaketa hau garrantzitsua da, ostalaritzako establezimendu guztiek, aukera honetaz baliatuta, beraien sukaldaritza erakusteaz gain, bezero berriak lortzeko parada izango dutelako”. Iaz bezala, herritarrek pintxoak zeintzuk diren jakin ahal izateko argitaratu den eskuorrian hiztegi txiki bat txertatu da, herritarrek pintxo bakoitza osatzen duten osagaien berri izan dezaten.

Epaimahaiak pintxo onenaren lehenengo eta bigarren sariak esleitzeko ardura izango du. Erabakia arrazoitua eta apelaezina izango da, eta kide bakoitzak pintxoa bere osotasunean baloratuko du, honakoak kontuan hartuta: pintxoaren itxura eta aurkezpena; zaporea eta testura; eta originaltasuna. Epaimahaia lehiaketaren lehenengo bi egunetan establezimendu guztietara joango da, pintxoen kalitatea ebaluatzeko asmotan. Lehiaketaren azken egunetan, bestalde, epaimahaia, berriro ere, lehiaketaren irabazle izan daitezkeela uste duen establezimenduetara joango da.

2017ko lehiaketaren berrikuntzarik nagusiena sarietan banatuko den diru kopurua izango da. Aurten, 450 euro banatuko dira, iaz baino 300 euro gehiago, hain zuzen ere. Txapelketaren irabazleak txapela, diploma eta 300 €-ko erosketa-txartela eskuratuko ditu; eta bigarren sailkatuak, berriz, txapela, diploma eta 100 €-ko erosketa txartela. Txartelak Txankakua merkatarien elkarteko saltokietan trukatu ahal izango dira. Era berean, “Herritarren saria” ere eskainiko da, txapela eta diplomaz osaturikoa eta herritarren bozketaren bidez aukeratuko dena. Azken sari hau aukeratzeko, antolatzaileek boto-txartelak emango dizkiete lehiaketan parte hartzen duten establezimendu guztiei, bezeroek, aldez aurretik dastatu duten pintxoa balora dezaten (1etik 5era arteko nota). Ildo horretatik, aditzera eman behar da, Udalak, Belaustegi jatetxeak eskainiko duen dastatzeko menu bat zozkatuko duela botoa ematen duten.

Kontsultatu lehiaketan parte hartuko duten ostalaritza establezimenduen zerrenda eta dastatu Elgoibarko gastronomia eskaintza zabalaz!