Eibarko Artisten Elkartearen 50. urteurrena

2016
Apirila
8
Noiz:
2016/04/08 18:30
2016/04/30 20:30
Non:
PORTALEA (Eibar)
Gehitu zure egutegira
iCal iCal

1966. urtean hasi zen dena. Pinturarako zaletasuna zuten lau lagun bildu, eta Eibarren artisten elkarte bat sortzea erabaki zuten. Lau lagun haiek Jose Kareaga, Paulino Larrañaga, Dioni Murua eta Alejandro Marful izan ziren; handik gutxira, hasierako taldeari beste hauek batu zitzaizkien: Fernando Martín, Victoriano Mandiola, Paco Alustiza, Félix Gómez, Cleto Unzueta eta José Ignacio Iraegi.

Talde hura Eibarko artista ospetsuen erakusketak antolatzen hasi zen, hala nola Igancio Zuloaga, Jacinto Olabe eta Carlos Elgezuarenak, eta baita beste herri batzuetako artista ezagunenak ere.

Elkartea 1975ean legeztatu zen entitate gisa. 50 urtetan zehar, etengabe jardun du arte-jarduerak sustatzen, hala nola gure Elkarteko artisten urteroko talde-erakusketa, edo azaroan, San Andres jaietan egiten den aire libreko pintura-lehiaketa. Azken urteotan,Eibartik kanpo ere egin izan dira erakusketak, besteak beste, Ermuan, Durangon, Markinan eta Bergaran.

170 bazkide ditu egun Eibarko Artisten Elkarteak; haien artean denetik dago. Batzuk jarduera artistikoren batean aritzen dira, beste batzuek noizean behin beren lanen batekin parte  hartzen dute, eta beste hainbatek, besterik gabe, artearekin harremanetan egotea gustuko dute.  Elkartearen erakusketetan, arte-diziplina askotariko lanak aurkezten dira, teknika eta estilo desberdinetan: pintura, eskultura, marrazkia, grabatua, taila, zeramika, argazkia…