Hemen zaude: Hasiera Albisteak Itsasoz lehen bidaiariak Debara iritsi dira

Itsasoz lehen bidaiariak Debara iritsi dira

2015/07/29
  • Pantalan
  • Geoparkea
  • Deba
Ana Oregi sailburuak, Debako alkateak, Pedro Bengoetxeak, eta Debegesa garapen agentziako zuzendariak, Juan Angel Balbasek, gaur inauguratu dute debako pantalan berria. Promozio turistikorako bide berriak irekiko ditu bai Deban bai Debabarreneko eskualdean. Gainera, gaur jarri dira abian Geoparkeko 2 itsas-irteera gidatu berri, Deban ontziratzeko edota lehorreratzeko aukera eskainiko dutenak.

Bidaiariz betetako lehendabiziko itsasontzi turistikoa gaur iritsi da Debara. 13:30ean lehorreratu dira bisitariak Debako pantalan berrian. Bidaiariak Zumaian ontziratu dira 12:30ean eta ordubeteko zeharkaldia egin dute Debaraino itsasoz, Geoparkeko kostaldeko (Mutriku-Deba-Zumaia)  flyscharen edertasunaz gozatuz, gida baten azalpenek lagunduta. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailburuak, Ana Oregik, Debako alkateak, Pedro Bengoetxeak, eta Debegesa Debabarreneko garapen agentziako zuzendariak, Juan Angel Balbasek, gaur zerbitzua ematen hasi den pantalan berria aurkeztu dute.

Geoparkeak gaur bertan abian jarri dituen 2 proposamenetako bat da hauxe. Hain zuzen ere, bi irteera gidatu berriek Zumaia eta Deba arteko ibilbidea egingo dute itsasoz, bi zentzuetan, eta Debako pantalana izango dute abiapuntu edota helmuga.

Jarduera turistikoaren hasierarekin bat eginez, gaur inauguratu da pantalán berria. Hemendik aurrera, Euskal Kostaldeko Geoparkeko itsas-irteeretan parte hartzen duten bisitari eta geologia zaleek Deban ontziratzeko eta lehorreratzeko aukera izango dute. Azpiegitura berri honek, halaber, jarduera turistikoak bultzatuko ditu bai Deban, bai Debabarreneko eskualdean.

Inaugurazio ekitaldian izan dira baita ere Garraio sailburuordea Antonio Aiz, Garraio Azpiegituren zuzendaria, Almudena Ruiz de Angulo, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendaria, Amaia Barredo, eta Gipuzkoako Portuen zerbitzuko arduraduna, Idoia Ortubia. Haiekin batera Mutriku eta Zumaiako alkateak egon dira (Debarekin  batera Geoparkea osatzen duten udalerriak), Jose Angel Lizardi eta Oier Korta, hurrenez hurren. Ekitaldian Debabarreneko turismo arloko hainbat enpresa ere izan dira.

Deba pantalana agintariak

La consejera Ana Oregi, el alcalde de Deba, Pedro Bengoetxea, y el director de Debegesa, Juan Ángel Balbás, junto con los alcaldes de Mutriku y Zumaia y otras autoridades, durante la presentación del nuevo pantalán

Bai Ana Oregi sailburuak baita Debako alkate Pedro Bengoetxeak ere poza agertu dute Debak jarduera turistikoa sustatzeko azpiegitura berri bat izango duelako aurrerantzean.

Ana Oregiren hitzetan, “Geoparkeak erakarritako turismo nautikoa eta kulturala eta inguruko eskaintza geologikoa eta naturala hazten ari dira gure kostaldean, europar atlantikoko kostalde osoan bezalaxe. Duela urtebete Tren Geltokiko Erromesen Aterpetxea jarri genuen martxan, gaur pantalán berria da. gauzak ondo egiten ari gara eta hori denborarekin ikus ahal izango da bai Deban baita Debabarreneko eskualdean ere. Ez soilik alderdi ekonomikoan, baita ezagutza eta kultur eremuan ere, garrantzi berbera edo gehiago duena”.

Flyscheko itsaslabarrak dira Euskal Kostaldeko Geoparkeko erakargarritasunik handiena. Arrakasta gehien duten bisitak itsasontziz egiten direnak dira, Geoparkeko kostaldea deskubrituz (Mutriku-Deba-Zumaia). Datu bat, aurten martxotik ekainera bitarte, 2.000 lagunek egin dute Geoparkeko bisita gidaturen bat. Aurreko urteko datuekin alderatuz, epe berean, % 60 baino gehiago igo da kopuru hau. Bisitarien joan-etorria handia da Geoparkea osatzen duten hiru herrietan eta honen eragin ekonomikoa eta turistikoa ere handia da.

Bengoetxea alkatearen hitzetan, “pantalan berriari esker Debarentzat aukera berriak irekiko dira, eta espero dugu poliki-poliki herriak gero eta bidaiari gehiago jaso ahal izatea itsasoz“. Azpiegitura berri hau Debako Udalaren eta Debegesa Debabarreneko garapen agentziaren ekimena izan da eta  Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak finantzatu du.

 

Bisita gidatu berriak

Euskal Kostaldeko Geoparkeak, besteak beste, geoturismoa bultzatu nahi du, zehazki, bertako ondare natural, kultural eta geologikoa deskubritzera, dibulgatzera eta disfrutatzera bideratuta dauden esperientzia, jarduera eta bisita gidatuak sustatu nahi ditu.

Pantalan berria jarrita, gaurtik aurrera Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere eskaintza turistikoa osatzera datozen 2 itsas-irteera berri eskainiko ditu. Bisita gidatu berriek itsasoz egingo dute Deba eta Zumaia arteko ibilbidea, bi zentzuetan. Hain justu, “Deba-Zumaia itsasontzian” eta “Zumaia-Deba itsasontzian” dira aipatu bi irteera berriak. Abiapuntu eta helmuga desberdina duten bisita interpretatuak izango dira, aukera ezinhobea Geoparkeko bi herri hauek patxadaz ezagutu nahi dituzten bistarientzat.

Itzultzeko aukera bikaina dira, halaber, Zumaia eta Deba arteko GR Talaia kostaldeko trekkinga egin nahi dutenentzat.

Bisitak geoparkea.com webgunean erreserbatu daitezke dagoeneko edota Geoparkeko hiru turismo bulegoetan. Pantalan berria kokatzeko prozesua gaur amaitu da, bi urte luzeren ondoren, Debako Udalaren eta Debegesa garapen agentziaren ekimenari esker, eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.