Hemen zaude: Hasiera Albisteak Egitarau zabala Eibarko bonbardaketaren 80.urteurrena oroitzeko

Egitarau zabala Eibarko bonbardaketaren 80.urteurrena oroitzeko

2017/04/24
  • 80 urteurrena
  • Eibar
  • gerra zibila
  • bonbardaketa
  • memoria historikoa
Gerrateak hiri armaginean orain dela 80 urte utzitako aztarna lazgarria gogora ekartzeko hainbat jarduera antolatu dira apirilaren 25 eta 30a bitarte.

Orain dela 80 urteko apirilaren 24 eta 25ean hegazkin fazistek Eibar bonbardatu zuten, Gernikako bonbardaketa baino egun bat lehenago, hain justu ere.

Eibarren orain dela 80 urte emandako gertakari hori herritarren oroimenera ekartzeko xedez, Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, egitarau zabala taxutu du. Apirilaren 25ean emango zaie hasiera jarduera horiei Juan Pablo Fusi Aizpurua katedratikoak Coliseo Antzokian arratsaldeko 19:30ean emango duen hitzaldiaren eskutik: "Gerra Zibilaren inguruko hausnarketak".

Apirilaren 25etik aurrera edonork jaitsi dezake "gerrazibilaeibarren" dohako mugikor aplikazioa, bonbardaketek hiriko zein eremu zehatzetan eragin zuten ezagutzera emateko. Egun horretan bertan, tranpantojo edo efektu optiko berezia sortarazten duen muntaia bat izango da ikusgai Egogan kalean -garai hartan O'Donell kalea zena- non bonba batek gogor eta bortizki jo zuen orain del 80 urte.

Ostiralean, hilak 28, Eibar 1937. 80 urte lana eramango da Coliseoko oholtza gainera. Hitzaldi-antzezlan horretan parte hartuko dute Jesus Gutierrez historiagileak, Nerea Arriola biolin-joleak, Biraka Dantza taldeak, Gaztea abesbatzak, Kezka Dantza Taldeak, Lekim animazioak, Itzamnak, eta herriko aktoresa zein aktore desberdinek. Sarrerak 2 euroko kostua izango du. 

Larunbatean, apirilak 29, Untzagako Plazan klarion edo tiza-tailer bat egingo da, 1936 urtea baino lehenagoko Eibarko plano originala margotzeko -16:00ak eta 20:30 bitartean-. Egun horretan bertan, Bonbardaketak. 1937. Eibar. 80 urte lana antzeztuko da berriz ere; baina aldi honetan kalean, Untzagan bertan, hain zuzen, gaueko 22:00etan.

Bere aldetik, Cielito musika bandak igandean, hilak 30, eguerdiko 12:30ean, kontzertu berezia eskainiko du, gerrate-filmetako soinu banda errepertorio zabal baten eskutik.

Apirileko azken aste honetarako antolatutako ekintzez gain, oroitzapenezko ekitaldi gehiago egingo dira maiatzean eta ekainean zehar. Hala, maiatzaren 20tik ekainaren 20ra arte ikusgai izango da Gervasio Sanchezen argazki-erakusketa bat, Sarajevori buruzkoa. Ekainean, Mikel Ayestaran kazetari beasaindarrak hitzaldi bat eskainiko du. Azken hori eta beste hainbat jarduera oraindik zehazteke daude.

Egitarau zabala Eibarko bonbardaketaren 80.urteurrena oroitzeko

Egogain kalean (garai hartako O'Donell) bonbak eragindako zuloa. / Argazkia: Indalecio Ojanguren