Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dolmenen Ibilbidea doan ezagutzeko aukera, igande honetan, hilak 10

Dolmenen Ibilbidea doan ezagutzeko aukera, igande honetan, hilak 10

2017/09/05
  • Bisita gidatuak
  • Elgoibar
  • Debabarrena
  • Soraluze
  • Dolmenen Ibilbidea
  • Turismoa
  • Bergara
Elgoibarko, Soraluzeko eta Bergarako Udalek, Debegesa garapen agentziarekin elkarlanean, Dolmenen Ibilbidea ezagutzeko bisita gidatua antolatu dute iganderako (irailak 10). Doan izango da. Euskaraz izango da eta beharrezkoa da aurrez izena ematea 657 79 46 77 telefonora deituz edo info@begi-bistan.com helbidera idatziz.

Dolmenen Ibilbidearen balio arkeologikoa eta geologikoa zein paisaia-balioa ezagutzera emateko doako bisita gidatua egingo da igandean, irailak 10. Goizeko 10:00etan hasiko da, Karakateko aparkalekutik abiatuta. Bisita gidatua euskaraz izango da.

Elgoibar, Soraluze eta Bergarako udalerriak lotzen ditu Dolmenen Ibilbideak eta balio arkeologiko handia du; bertan Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak eta trikuharriak aurkitzen dira. Antzinako giza taldeek horrelako mendilerroak, paisaiaren mugarri nagusi zirenak, aukeratu zituzten hildakoak ehorzteko eta beren lurraldea seinalatzeko. Monumentu megalitikoen bidez utzi diguten ondarea antzinako ehorzte-errituekin lotuta dago.

9 kilometroko ibilbidea egingo dute, Karakate eta Irukurutzeta artean. Ibilaldian parte hartuko dutenei gomendatzen zaie arropa erosoa eta mendiko oinetakoak eramatea. Ibilbidearen amaieran parte-hartzaileek gazta, ogia eta sagardoa dastatzeko aukera izango dute.

Ehundik gora lagunek parte hartu dute orain artean

Joan den ekainean jarri zituzten abian Elgoibarko, Soraluzeko eta Bergarako Udalek, Debegesa garapen agentziarekin batera, Dolmenen Ibilbidea ezagutarazteko bisita gidatuak. Hasieratik helburutzat finkatu zen Ibilbidea ezagutzera ematea eta bertan dauden trikuharri eta tumuluak balioan jartzea. Dagoeneko sei irteera egin dira eta guztira 111 lagunek parte hartu dute.

Igande honetarako oraindik bada lekua, beraz, parte hartzeko interesa dutenek izena eman dezakete 657 79 46 77 telefonora deituz edo info@begi-bistan.com helbidera idatziz.

Igande honetakoaz gainera, beste bi bisita gidatu egingo dira aurten: irailaren 24an (gaztelaniaz), eta urriaren 8an (euskaraz).

Dolmenen Ibilbidea doan ezagutzeko aukera, igande honetan, hilak 10

Karakateko aparkalekutik abiatzen da bisita gidatua.

Albiste erlazionatuak