Hemen zaude: Hasiera Albisteak Debabarreneko turismo-eskaintza lehenetsiko da azaroan Donostiako Explore San Sebastian Region bulegoan

Debabarreneko turismo-eskaintza lehenetsiko da azaroan Donostiako Explore San Sebastian Region bulegoan

2017/11/10
Eskualdeko erakarpen turistiko nagusiak azaldu ez ezik, Tripontziak ekimen gastronomikoa eman zen ezagutzera Josu Muguerza Elgoibarko Belaustegi Baserriko sukaldariaren eskutik

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Turismoko Departamentuak “Eskualdeen txokoa” programa du martxan 2017 hasieran Explore San Sebastian Region turismo bulegoan. Helburua, Gipuzkoako eskualdeetako herri eta baliabide turistikoak ezagutzera ematea da, hiriburuko turismo sektoreari, Donostiarrei eta orokorrean Gipuzkoarrei zein Explore San Sebastian Region turismo bulegora gerturatzen diren turistei. Ekimen hau aurtengo urtarrilean abiatu zen eta, hilabetero, Gipuzkoako eskualde batek bere eskaintza turistikoa aurkezten du aipatutako turismo bulegoan.

Horiek horrela, Debababarreneko turismo-eskaintza lehenetsiko da azaroan Donostiako Explore San Sebastian Region bulegoan (Boulevard,6).

Armagintza Museoko bizikleta bat eta josteko makina bat ipini dira bulegoa atontzeko. Era berean, Debabarreneko baliabide turistikoen zein urte guztian egiten diren jardueren inguruko informazioari lehentasuna emango diote San Sebastian Regioneko informatzaileek, lurraldeko eskaintza turistikoaren berri ematerako garaian.

Bizi #Debabarrena

Debabarrena produktu-anitzeko jomuga modura aurkeztu zen joan den asteazken goizean, azaroak 8, hedabideen aurrean egindako aurkezpenean.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendariak, Maite Cruzadok, goraipatu zuen, Euskal Kostaldeko Geoparkea Debabarreneko erakarpen nagusiaz gain, nabarmentzekoak direla eskaintzen diren bertako esperientziak: “Bisitariari ekintza esperiantzialak eskaintzen dizkion eskualdea da, non turista bera den protagonista nagusia”.

Eskualdeko 8 udalerrien ordezkari gisa, Iker Aldazabal Soraluzeko Alkateak eskualdeak bisitariari “makina bat alternatiba eskaintzen dizkiola” azpiamarratu zuen, Debabarreneko herri bakoitzaren eskaintza turistikoa ezagutzera emanaz.

Donostiako eta Gipuzkoako eragile pribatu-publikoak, Debabarrenetik gertuago

Asteazken arratsaldean, San Sebastian Regioneko bulegoan bertan, hiriburuko zein lurraldeko sektore turistikoari zuzendutako aurkezpena egin zen. Sektoreko eragile publiko eta pribatuak elkartu ziren Debabarrenaren eskaintza gertutik ezagutzeko.

Eibarko Armagintza Museotik ekarritako bizikletak eta josteko makinak atentzioa eman zuten bertaratutakoen artean. Horren harira, Maite Cruzadok Debabarrenaren ondare industriala “izugarrizko balioa duen altxorra” dela goretsi zuen, “eskualdearen izaeraren isla” dela nabarmenduz. Halaber, Cruzadok Euskal Kostaldeko Geoparkea Gipuzkoako elementu turistiko bisitatuenetarikoa dela esan zuen, eta hori ere “Debabarreneko eskualdeak egiten duen saiakera handiaren emaitza” dela berretsi zuen.

Debako Alkateak, Pedro Bengoetxeak, lurraldeko zein hiriburuko sektore turistikoari eskualdea osatzen duen herrien berri eman zien, baita horietako bakoitzak eskaintzeke duena azaldu ere.

Bere aldetik, Aitziber Cortazarrek, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteko (Debegesa) Turismo Arduradunak, eskualdearen indarguneak azaldu zituen: “Gogorarazi behar da flysch-a ez dela herri batetara soilik mugatzen. Deba eta Mutriku Debabarreneko bi udalerriak, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkeko zati dira”. Horretaz gain, “kosta eta barnealdeak, biek, eskaintza turistiko zabala eta aberatsa” dutela gehitu zuen: “ Debabarrenak natura, gastronomia, kirola, tradizioa, industria eta ondare kultural eta historikoa ditu. Zalantzarik gabe, dena eskura duen eskualdea da gurea”.

Tripontziak ekimen gastronomikoaren berri, Gipuzkoa mailan

Debabarrena eskualdean makina bat ekimen gastronomiko antolatzen direla nabarmendu zuen Cortazarrek. Epe laburrera, Tripontziak ekitaldi gastronomikoa ate joka dugula adierazi zuen. Josu Muguerza, Belaustegi Baserriko sukaldariak eman zituen ezagutzera Tripontziak-en laugarren edizioaren nondik-norakoak:” Ostiralean emango zaio hasiera, azaroak 10, eta 17 egunez luzatuko da, azaroaren 26ra bitarte. Honela, 3 asteburu hartuko ditu aurten ekimenak, herritar eta bisitari gehiagok parte hartzeko aukera izan dezaten. Debabarrerneko gastronomiaz gozatzeko aukera ezin hobea da Tripontziak. Bertara etortzera animatzen zaituztegu, izan ere, tokiko produktuez osatutako menu ederrez gozatzeaz gain, parte-hartzaile guztien artean sari ederra zozketatuko dira”.

Ikusi bi ekitaldietako argazki guztiak hemen.

Debabarreneko turismo-eskaintza lehenetsiko da azaroan Donostiako Explore San Sebastian Region bulegoan

Josu Muguerza, Belaustegi Jatetxeko sukaldaria, aurtengo edizioko Tripontziak ekimenaren berri ematen, Donostiako San Sebastian Region bulegoan Debabarrena eskualdearen aurkezpen turistikoaren baitan