Hemen zaude: Hasiera Albisteak 18 artisten lanek Debako Santa Maria Elizako Klaustroaren hormak apainduko dituzte udan

18 artisten lanek Debako Santa Maria Elizako Klaustroaren hormak apainduko dituzte udan

2017/07/03
  • Kultura
  • Deba
  • Turismoa
  • Artea
  • Santa Maria Elizako Klaustroa
  • Tentazioak
Joan den uztailaren 1ean, “Tentazioak” izeneko arte erakusketa inauguratu zen Debako Santa Maria elizako klaustroan. XIII. edizio hau berezia da, izan ere, hemezortzi artisten lanak egongo dira ikusgai uztailean eta abuztuan zehar.

Beste behin, dagoeneko tradizio bihurtu den udako erakusketa artistikoa izango dugu Debako Santa Maria elizako klaustroan. Txoko berezi hau arte galeria batean bilakatuko da bi hilabetez; Tentazioak izenburupean, hainbat sortzaileren lanak egongo baitira bertan ikusgai.

Uztaileko ordutegiari dagokionez, asteartetik larunbatera bitartean arratsaldeko 5etatik 7etara irekiko dituzte erakusketaren ateak. Igande eta jaiegunetan, aldiz, 5etatik 8etara izango dugu artista hauen guztien lanak ikusteko aukera. Abuztuan elizaren bisita orduetan soilik gozatu ahal izango dugu udako erakusketa artistikoaz.

Hamairugarren edizio hau berezia izango da; izan ere, Gipuzkoako klaustrorik zaharrenaren hormetan hemezortzi artista ezagunen lanak batera zintzilikatuko diren lehen aldia da. Horietako zenbaitek aurreko edizioetan beren artea banaka erakutsi diguten arren, oraingoan elkarrekin egiteko erabakia hartu baitute.

Artista-koadrilla” hau 1977an sortu zen, Laboral Kutxaren Eibarko aretoan Baroja Colleten erakusketaren ondoren Jose Ramon Elorzarena egin zenean. Hasierako bikote hari Asier Laspiur, Vicente Iriondo, Marino Plaza… gehitu zitzaizkien eta, denborarekin, laurogeigarren eta laurogeita hamargarren hamarkadetan, eta baita beranduago ere, beste hainbat eta hainbat artista.

2017ko uda honetan, Vicente Iriondo, Asier Laspiur, Alberto Ibañez, Marina Barrena, Jose Antonio Azpilikueta, Fernando de Vicente, Keixeta, J.R. Elorza, Ricardo Azkargorta, Iñigo Arregi, Bingen de Pedro, Juan Luis Goikolea, Aitor Etxeberria, Baroja Collet, Aitor Sarasketa, Jose Felix Igartua, Barbara Stammel eta Pello Alberdiren lanak ikusteko aukera izango dugu.