Hemen zaude: Hasiera Zer ikusi? Dolmenen Ibilbidea Elosua-Plazentziako estazio megalitikoa

Elosua-Plazentziako estazio megalitikoa

Dolmenen Ibilbideak daukan balio handienetakoa arkeologikoa da, Elosua-Plazentziako estazio megalitikoa osatzen duten dolmen eta tumulu multzoa, alegia.

Euskal Herriko arkeologia orokorra eta, bereziki, Deba bailarakoa aztertzerakoan, garrantzia handia du estazio megalitiko honek. Estazio megalitiko honen historiaurreko ondarea Bergara, Azkoitia, Antzuola, Elgoibar eta Soraluzeko udalerrietan sakabanatuta dauden 16 monumentuk osatzen dute gaur egun (10 tumulu eta 6 trikuharri). Monumentu horietako gehienak Joxemiel Barandiaranek aurkitu zituen, 1920tik 1921era bitartean, eta berak induskatu zituen, T. Aranzadiren eta E. Egurenen laguntzaz, 1921etik 1922ra. 

Aranzadi Zientzia Elkartea Elosua-Plasentziako estazio megalitikoan ibili da lanean eta, lan horien baitan, Arribiribilleta izenez ezagutzen den dolmena ikertu du, monolito edo historiaurreko menhir bat dela baieztatuz. Menhir hau ziurrenik zutik egon zen lehen, harrian egindako zuloak erakusten duenez.