Defektuzko Albistea

Barazkien bidea

Debabarrenean barazki freskoak erosteko aukerako daukazu ondorengo baserri eta etxeetan:

Elkarrizketa: "Produktu ekologikoak sortzearena filosofia kontua da"

Armen eta industriaren arroaren zutabe izateak izen handia eman dio Eibarri. Tradizio eta aukera handiko hiria dugu, bertokotik mundura begiratzen asmatu duena. Baina badu Eibarrek, baldintza horiek guztiak betetzen dituen arren, bestelako jarduerarik.

Horietako batera garamatza Amañatik gorako maldak, Sosola landa-etxeraino. Naturarekin gozatzeko aukeraz gain, lurraren tradizioari estuki atxikitzen eta, era berean, mundura begiratzeko era berezia dute sosolatarrek. Interesgarria, gutxienez.

SOSOLA1.jpg
SOSOLA1.jpg
Noiztik egiten duzue gazta?
Gazta eta ogia betidanik egin dira gure baserrian. Lehen labe-komuna zegoen auzoko etxe guztientzat. Ni orain 8-10 urte hasi nintzen autokontsumoaz gaindi produzitzen. Egur-labea, berriz, orain 6 urte ekarri genuen.

Gaztarekin ere antzekoa da historia. Betidanik egin izan dute gazta gure etxean, etxekoentzat. Halere, gaztandegi ekologikoa orain 4 urte inguru jarri genuen martxan. Ogiarekin ere berdin: hasieran komertziala egiten genuen, eta gerora ekologikoa.

Produktu ekologikoen sona handitzen doa gurean. Baina, zehazki, zertan datza nekazaritza ekologikoak?

Nekazaritza ekologikoa Europatik datorren korrontea da. Nekazal iraultza izan zenean, aldaketa sakona izan zuen nekazaritzak: produkzio handiagoa, teknologia aurreratua, ustiapen-teknika iraultzaileak, ... Horrek guztiak kalitatean eta osasun problemetan eragin zuen ustea ere zabaldu zen, halaber. Hala, eragin kaltegarri horiek ekidite aldera sortu zen nekazarita ekologikoaren alternatiba berria. Produkzio-kultura mota bat da, funtsean.

Hala, araudi bat ezarri zen, zigilu batekin. Arauak produkzio-motaren arabera ezartzen dira. Funtsean, norbera inguruneari egokitzea da. Zuk saldu zenezake lurrak eman lezakeen produkzioa bakarrik, ez gehiago: zenbat lur, hainbat produkzio. Kanpoko bultzatzailerik ez da onartzen. Animaliei ezin zaie botikarik eman, pentsuak ekologikoa behar du, animalien instalazioak ere animalia eroso sentitzeko modukoa izan behar du, ... Antzeko baldintzak bete behar dira.

Ogiarekin ere berdin: guk erabiltzen dugun garia ekologikoki sortua da.

Transformazioan gauza bera. Garbiketarako erabilitako produktuak zerrenda batean daude.

Produktu ekologikoena kate bat da, beraz.

Nola merkaturatzen dituzue produktuak?

Salmenta zuzen bidez. Hiru bide ditugu: etxetik bertatik, Eibarren etxez etxe (eskaeraren arabera) eta azokak (Eibarren astean behin). Gero, denda txikietan ere saltzen dugu (dietetika Eibarren eta eskualdean).

barazki2.jpg
barazki2.jpg
Ze motatakoa da gazta?

Gazta egiteko mekanika eskualdeko gainontzekoen berbera da. Berezitasuna lehengaian eta artzantza-ereduan dago. Araudiak erregulatzen ditu bi horiek. Animalia hobeto senti dadin lan egiten dugu eta, horrekin, produktuak hobea behar lukeen filosofia dugu. Gazta egiteko teknika, aldiz, ingurukoen antzekoa dugu: Idiazabalen ikasitakoa. Leku berean ikasi dugu gazta egiten eskualdeko produzitzaileok. Hemendik kanpora badira teknika ezberdinak; mugaz bestalde esaterako. Baina hemengo higiene araudiak direla-eta, produzitzeko era mugatu digute.

Hori ondo dago alde batetik, baina homogeneizazioa ez da, agian, guretzat onena. Ezaugarri desberdineko gaztak egingo bagenitu aniztasun handiagoa eskainiko genuke.

Feriatan ibiltzen zarete?

Eibarren bakarrik.

Eskualde mailan, nola ikusten duzu gaztaren sektorea?

Produktu berdinegia egiten dugu. Tokian tokiko ezaugarriak bultzatu beharko lirateke. Bailara txikia da gurea, baina desberdina izango da beti kostaldean, barnealdean egindako produktua. Adibidez, behi-esnea badago baina ez da hortik etekinik ateratzen. Merkatu berriak sortzeko bidea egin beharko litzateke. Halere, produktu onak dira gureak, osasun eta kalitate aldetik maila handikoak. Berme handiko produktuak egiten ditugu.

Ogira etorriz, ze motatakoa da Sosolako ogia?

Gure inguruan ogi ekologikoa egiten duen etxe gutxi dago. Guk ogi ekologikoa egiten dugu. Bereizgarriak dira erabiltzen ditugun jatorri ekologikoko garia eta prozeduran zehar ez dugula produktu kimikorik erabiltzen. Legamia ere, askagarria ibiltzen dugu. Prozedura ere luzeagoa da. Horrekin batera, egurrezko labea erabiltzea bereizgarri dugu etxe honetan.

Horrez gain, Gipuzkoan elkarte batean antolatuta gaude; gure eredua sozial kutsuzkoa da, ez baita gremio itxia. Jendea animatu nahi dugu produktu mota hau egitera; merkatua badagoela uste dugulako.

Bestelako produkturik ere baduzue, ez da hala?

Frutak, barazkiak, ... soberakinak ditugunean saltzen ditugu.

Ze apreziatzen dute gehien kanpokoek?

Turistek asko apreziatzen dute bertoko produktua. Ogia da arrakasta gehien duena, eta inguruan gehien saltzen dena ere ogia da. Astean hirutan egiten dugu. Produkzioa, berriz, soldata bat irabazteko adina izaten da, kar-kar ...

Filosofia kontua da, hori. Gure helburua gisa honetako produktuak eginez bizi-kalitate duin bat lortzea da, ez gehiago. Ez dugu etengabe hazi nahi. Produktu ekologikoen munduan ere filosofia horrek behar luke errege, baina denetarik dago. Mundua pikutara zioalako sortu zen nekazaritza ekologikoa; beraz, ezin da hazkundean pentsatzen bizi, kontraesanean eroriko ginateke bestela. Baina, nire iritzia besterik ez da hori.

Kanpoko mugimenduen berri duzula antzematen da.

Gustatzen zait bai hemendik kanpo gauzak nola egiten diren jakitea. Gauza asko eta desberdinak egiten dira eta aberasgarri da horien berri izatea.

Albisteak