Antxoa eta hegaluzea, gehien-gehienean; antxoa semi-kontserban. Horrez gain, atuna eta kontserbako izokina ere saltzen dugu.
1912tik martxan dagoen beste enpresa baten zatiketatik sortu ginen gu. Gure aitona Calogero Billante zen. Zizzo Billante izenpean, berriz, 1980tik gabiltza merkatuan.
Nola banatzen dituzue zuen produktuak?
Probintzietako ordezkarien bidez. Exportaziorako ere, beste ordezkari bat badugu Italian. Gure salmenta ez dago Euskal Herrira zuzendua, baina hemen ere gustuko dituzte gure jakiak. Hori dela-eta, gure Mutrikuko egoitzara datozenei zuzenean saltzen dizkiegu produktuak.
Asko aldatu al dira kontserbagintzako produkzio-moduak?
Gure produkzioa ahalik eta automatizatuena dago, baina eskulana behar-beharrezkoa da gure langintzan. Hala, 30 langile inguru ditugu horretarako, egun.
Mutrikuko bost enpresok soilik osatzen dugu eskualdeko sektorea.
Eta, egun, ze egoeratan dago kontserbagintza?
Egiari zor, egoera ez da oso ona. 3 urte daramatzagu antxoarik gabe, etekinik handiena ematen digun arrainik gabe, alegia. Horrez gain, euskal kontserbagintza ez da lehiakorra galiziarrekin, hego-amerikarrekin, ... konparatuz.
Eta etorkizunera begira, zer?
Etorkizuna ez dugu oso oparo ikusten, egia esan behar bada. Antxoaren afera konpontzen ez bada, egoera belztuko zaigu, ziur. Halere, arazoa orokorra da.
Egoera ez da onena izango, baina zuen produktuak onak izaten jarraituko dute, ezta?
Dudarik gabe; gure produktuen kalitatea oso ona da. Arazoa prezioan dago, errentagarritasunean. Gure aldetik ahalik eta produktu hoberena sortzeko lan egiten dugu, azken produktuaren kalitate gorena bermatuko duten lehengai eta produkzio metodoekin.
Hartara, gure produktua erdi-goi mailako helburuko erosleari begira egina dago. Detailera egiten dugu lan. Gure banaketa esparrua ez da marka handienen parekoa, ez baitugu marka zuriekin lan egiten. Zizzon kontserben kalitatea dugu helburu.