Sagarrez gain, general lecter klaseko udarea du gustoko erosleak. Behin probatuta, klase honen zale amorratuak egiten dira. Halere, beste klase asko dauzkagu: erreta jatekoak, negukoak Hortik aurrera, kiwiak, intxaurrak, mizpirak, limoiak, laranjak... ere baditugu.
Nondik datorkizue sagarminagatarroi frutekiko zaletasuna?
Lehen sagardoa egiten zen gurean. Gerora, neuk afizio handia nuen eta betidanik ibili gara frutak hazten. Astean bitan Mutrikuko azokara eramaten ditugu, eta jendeak harrera ona egiten digunez, hala jarraitzen dugu.
Eta txakolina noiztik egiten duzue?
Orain 23 urte hasi ginen langintza honetan. Hasieran, Getariako jatorrizko deituratik kanpo geratu ginen, ez baikintuzten kontuan hartu. Hala, landare gehiago sartu nahi izan genuenean, ez ziguten utzi. Halaxe egon gara orain gutxi arte, jatorrizko deituran sartu garen arte. Hektarea bakarra eman digute, halere, guk gehiago nahi genuenean. Gero, etiketak eta abar aldatu ditugu.
Sagardoa, berriz, etxerako bakarrik egiten dugu.
Txakolina produzitzeko era berezirik ba al duzue?
Ez berezirik. Etxean bertan daukagu upategia. Zainketa tratamendua, uzta-biltzea, fermentazio-prozesua, ...; jatorrizko metodoak erabiltzen ditugu. Ez dugu asko produzitzen, bestalde: urtean 5.000 litro, 6.000 botila inguru, bestela esanda. Hortaz, etxetik bertatik saltzen dugu, bila etortzen baitira erosleak.
Gu gara Debabarrenean txakolina egiten dugun bakarrak. Debagoienan hasi berri dira Getariako jatorrizko izenpean txakolina egiten. Bestalde, badakigu Mutrikun, orain urte asko, egiten zela txakolinik. Gainera, diote Mutrikun egin zela Euskal Herriko aurrenetako txakolina.
Ez dira asko izango, era berean, frutak hazten dituztenak.
Fruta-munduan ere geu gara hemen inguruko bakarrak. Horren arrazoia da etekinik ez duela ematen fruta-hazkuntzak. Lan asko ematen du, eta lortutako etekina ez da nahikoa. Guk afizioz egiten dugu eta horregatik jarraitzen dugu. Fruta-arbolak asko zaindu behar dira, uda eta negu.
Euskal Herrian produktu asko lor daitezke, baina lan handia eskatzen du.
Eta, zein da zuen produkturik desiratuena?
Gu fruta eta txakolinagatik gara ezagunak, oro har. Jendeari atentzioa ematen dio fruten tamainak. Esaterako, kilotik gorako madariak lortzen ditugu, aldian-aldian.
Kanpotik ere jende asko etortzen da, Espainia aldetik, gehienbat. Eta berriz etortzen direnean, bisita egiten digute.