Euskal kostaldea

EUSKAL KOSTALDEA

Debabarreneko kostaldean badago zer ikusi. Deba ibaiak, eskualdeari eta herriari izena ematen dienak, 54 km-ko ibilbidea egin ondoren Deba eta Mutriku artean itsasoratzen da. Gaur egun itsasadarrean gora Sasiolaraino nabigatu daiteke; baina garai batean untziak Altzolaraino (Elgoibar) iristen ziren.

geoparkea.jpeg
geoparkea.jpeg

Sakoneta, Deba. / M.Subirats (National Geographic)

Gure kostaldeko bi herriak, Deba eta Mutriku, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen parte dira, Zumaiarekin batera. Kostalde hau itsaslabar ikusgarriez osatuta dago, eta marearteko zabalgunean Flysch izenaz ezagutzen den formazio geologikoa ikusi daiteke. Flysch-a harrizko geruza sekuentzia da, milioika urtetan zehar osatutakoa. Lurrazalaren mugimenduen ondorioz, gure itsaslabarretan hasieran horizontalak ziren geruzak orain bertikalean ikusten dira, uretan ia hirurehun metro barneratuz.

Flysch-a ikusteko toki apropos asko dauzkagu. Adibidez, Deban Sakoneta eta Mendata itsaslabarretan. Inguru hau, gainera, biologiaren ikuspegitik oso aberatsa da. Itsasoko landaretza "itsasbelar" ezberdin eta interesgarriez osaturik dago, hala nola Ulva, letxuga txikiekin duen antzekotasunagatik ezaguna, edo benetako zelai itxura duen mantu gorrixka, Coralina Officinalisa.

saturraran.jpeg
saturraran.jpeg

Saturrarango hondartza, Mutriku.

Mutrikun, Flysch-a ikusteko toki ederrena Saturraran hondartza da. Herrigunearen mendebaldean dago kokatuta, Ondarroarekin mugan, eta hondartzan bertan ikusi daitezke harrizko forma bitxiak. Saturraranetik Zazpi Hondartzak izeneko gunera oinez iritsi daiteke. Hainbat kala txikiz osatutako marearteko zabalgunea da gune hau. Mutrikutik ekialdera ere badago Flysch-a ikusteko aukera, Arbeko senaditik adibidez. Hemengo labarretan fosil ugari aurkitu ziren, batez ere amoniteak. Arrantza zein urpekaritzarako ere oso gune aproposa da.

Atardecer en la costa de Mutriku
Atardecer en la costa de Mutriku

Deba eta Mutrikutik kostaldeko ikuspegia(Gipuzkoa).

Nola iritsi:

Mendata eta Sakoneta:

Itxaspe Kanpinetik,"Sakoneta"-ra jartzen duen bidea hartuz, edo pixka bat aurrerago,"Mendata" jartzen duena.

N-634 bidetik,Errota-Berri baserrira doan pista hartuz,Sakonetatik gertu.

Saturraraneko labarrak eta "Zazpi Hondarzak" eremua:

Saturraraneko hondartzatik bertatik (inguruan aparkaleku bat dago) zein Mutrikuko hondartzatik, zabalgunea inguratuz.
"Zazpi Hondartzak"-era kosta-hegaletatik jaisten diren bidezidor maldatsuetatik ere joan daiteke.

Arbeko senadia:

Deba eta Mutriku artean dagoen GI-638 errepidetik, itsasertzeraino eramaten duen edozein bidezidor maldatsutik.

KONTUZ!
Gune honetan sartu baino lehen kontuan izan behar da itsasoa zein egoeratan dagoen. Komeni da itsasbehera dagoenean joatea, gutxienez 3 orduz zabalguneak gordetzen dituen sekretuez gozatu ahal izateko. Haitzen artean eroso ibiltzeko oinetako egokiak erabiltzea gomendatzen da.

 

Albisteak