Defektuzko Albistea

Damaskinatua

Damaskinatugintza urrea altzairuaren gainean txertatzeko artea da. Damaskinatugai den urrea purua izan ohi da, 24 kilatekoa, hori kolorekoa. Alabaina, urre berdea ere erabil daiteke, marrazkiak nabarmentzen dituzten konbinazioak lortzeko, era horretan, kontrasteari esker, lana dotoreago gerta dadin.

damasquinado01.jpg
damasquinado01.jpg

Damaskinatuak burutzeko teknika Eusebio Zuloagokoak idoro zuen Eibarren, nahiz eta askoren interesak antze honen jatorria Ekialdean, Damaskon hain zuzen, kokatzera jo duen.

Damaskinatugintza, eskulana den bezainbatean, erraz berenganatu zuten Eibar eta Eibarraldekoek. Han sekula ez ziren artista nabarmenak falta izan armak apaintzen, arma-ekoizpen gehiena helburu militarretara xederatzen zen arren, eta ondorioz, apaingarririk ez zeraman arren. Horrela, Zuloagatarrek Eibarko damaskinatu-tailerra sortu zutenean, aldez aurretik jarauntsitako aldeko jarrera bazen bertan nagusi.

damasquinado02.jpg
damasquinado02.jpg

Damaskinatugintzak anitz erabilera izaten zituen eta gaur ere baditu. Horietariko bat, nagusienetakoa, armagintzan aurkitzen dugu. Alde batetik, artisauaren izena, fabrikazio-urtea, eskaintzak, eta armaren identifikazioarekin zerikusia zuten beste zenbait xehetasun txertatzeko balio zuen. Apaintze-kontuetan beraietan ere erabiltzen zen, ondoko osagaiak marraztearen bitartez, alegia, akanto-hostoak, arrokailak, dragoiak eta kartelak, direla lauak, direla erliebedunak, bai eta eskopetetan grabatzen ziren ehizari atxikitako animaliei buruzko figurak ere. Damaskinatugintzaren beste erabileretariko batzuk bitxigintza-piezetan aurki ditzakegu.

Lan-tresna gisa, burdinurtuz egindako bola nahitaezkoa da, eta oinarri nahiz irozkai legez balio duen egurrezko triangelu baten gainean kokatzen da. Urrezko haria arinki jo eta oin laudun puntzoi baten bidez xartatzeko, mailu txiki bat erabiltzen da, txit arin eta aho zabalekoa, eskopredun grabatzaileek erabiltzen dutena oso bezalakoa.

Albisteak