Hemen zaude: Hasiera Zer ikusi? Bide Gastronomikoak Gazta bidea

Gazta bidea

Eskualdeko latxa ardi-esnez eginiko gazta probatu nahi baduzu, beheko etxeetara jotzea besterik ez duzu:

Entrebista: "24 ordu zabalik dagoen gazta-denda da gurea"

Eguerdirako babarrunak pol-polka ari dira sukaldean. Eguzkia harrotzen ari zaio Itziarri, eguerdiari jarraiki. Ardiak larrera botatzeko ordua da, eta agerikoa da, urduri baitaude elkarri bultzaka. Apopiloak ere laster antzeman die eta nagusiari galdegin dio noiz aterako dituen. Bost minutu itxoiteko esan dio Maria Jexuxek, bere errepasoa eman nahi diela-eta aurrenik.

gazta1.jpg
Andutzeneko gaztaren berri ematen ari zaigu Mari Jexux, bien bitartean. Oraindik ez dugu gazta probatzeko betarik izan, baina, ikusiak ikusi, ona behar du, derrigor.

Noiztik ari zarete gaztagintzan?
Andutzenen betidanik egin izan da gazta. Nik orain hogeitaka urte hona etorri nintzenean ezagutu nuen mundu hau. Hasieran, halere, gaztagintza ez zen Andutzenen diru-iturri garrantzitsuena. Behi-esnea eta haragitarako ganadua zen negozio etxean; gaztagintza zen hirugarren lekuan. Gero, orain 8-9 urte behi gehienak kendu eta ardien esplotaziora jo genuen; gaztagintzara, alegia.

Nola merkaturatzen duzue gazta?
Guk etxetik bertatik saltzen dugu gehien. Jendea etxera gerturatzen da gaztak erostera. Zortedunak gara, egia esan; beste zonetan baino gaztagile gutxiago baitago gurean eta jende dezentek erosten du gurean. Normalean, herritarrek erosten dizkigute gaztak, industria-guneak ere laguntzen digu. Hortik aurrera, Deba, Zumaia, Bizkaia aldera, ... Bilbo aldetik ere etortzen dira propio gaztak erostera, noizean behin. Etxeko salmenta zuzena da, hortaz, gurea: 24 ordu zabalik dagoen gazta-denda da gurea.

Ze gazta mota da zuena?
Gazta egin berria, normala eta zaharra egiten ditugu. Garaian garaikoa izaten da, halere. Gazta zaharra, fuertea da gehien eskatzen dutena.

gazta2.jpg
Produkzio era espezialik baduzue?

Espezialik ez. Hori bai, hasiera haietatik hona erabat aldatu dira produkzio erak. Lehen modu tradizionalean egiten genuen gazta. Orain, berriz, makinaria berria sartzen joan gara eta produkzio-era nabarmen aldatu da.

Kalitatean eraginik ba al du aldaketa horrek?

Kalitatean agian ez, baina emaitza hobeak ematen ditu. Higienea hobetu da eta, garrantzitzuena dena, gazta gehienak berdinak ateratzen dira. Gazta ia guztiak berdinak dira, pauso guztiak kontrolatuagoak baitaude.

Zer-nola ikusten duzu euskal gaztagintza?
Osasunez ondo dagoela esango nuke. Idiazabal jatorri-izenaren pean saltzen ditugu guk gaztak eta horrek nortasuna ematen du. Idiazabal jatorri-izenarekin jarduteko ardi latxaren esneaz egindako gazta produzitzea da baldintza nagusia. Halaxe sartu ginen elkarte horretan.

Feriatan ere ibiliko zarete, ezta?
Bai, urtean 6-8 feriatara joaten gara. Ondo saltzen da feria hauetan, baina gehien herrikoan saltzen dugu; Itziarko Perian egotea garrantzitsua da guretzat. Hortaz aparte, ferien ospea jaisten ari dela uste dut.

Debabarreneko gaztagintzaren inguruan zer goraipatuko zenuke?
Eskualdeko gaztagintzak osasun ona duela uste dut. Gainera, aipatu behar da gutxi garela eskualdeko gaztagileak, ez dagoela bestetan adinako produktorerik, eta konpetentzia gutxiago dagoenez guztiok saltzen dugu ondo.

Sektorearen etorkizuna, berriz, nola ikusten duzu?
Oparo ikusten dut. Halere, krisi antzeko batean ibili gara azkenaldian. Gazta ez da premia biziko produktua eta horrek sektorearen ziurgabetasuna handitzen du. Halere, oso ondo saltzen da gazta eta badugu hala jarraituko duen esperantza.