Turismoa %11 hazi da Debabarrenean abuztuaren 31ra arte

2015/09/10
  • Urtarrila eta abuztua bitartean, eskualdeko bi Turismo Bulegoetan –Deban eta Mutrikun– guztira 30.185 bisitari jaso dituzte.
  • Uda sasoian, ekainaren 1etik abuztuaren 31ra, bisitarien kopurua %6 igo da.
  • Debako pantalanak, pasa den uztailaren 29an martxan jarri zenetik, 431 bidaiari jaso ditu.


Aurtengoa urte ona izaten ari da Debabarrenean turismoari dagokionean. Uda sasoian, ekainaren 1etik abuztuaren 31ra, %6 hazi da eskualdeko bi Turismo Bulegoetara jo duten bisitarien kopurua. Guztira, 22.413 bidaiari hurbildu dira turismo bulegoetara informazio bila, iaz baino 1.245 gehiago. Hein handi batean, igoera hau estatuko bisitarien gorakadarengatik izan da, %10,2ko igoera izan baita.

Debabarreneko bi Turismo Bulegoetan jasotako datuen arabera, estatuko bidaiarien igoera bereziki nabarmentzekoa izan da, guztira 9.019 bisitari aurten, eta iaz 8.183 izan ziren. Nazioarteko turismoari dagokionean, datuak mantendu egin dira iaztik hona. Debabarrenera hurbildu diren bisitarien %26,3 atzerritarrek osatu dute. Barne turismoari dagokionez, %2,5 hazi da ekaina eta abuztua bitartean.

Bidaiarien jatorriari erreparatuz gero, estatuko bisitarien barruan, kataluniarrak eta madrildarrak izan dira gehienak. Beste herrialdeetatik etorritako turistei dagokienez, frantziarrak eta alemaniarrak bertaratu dira gehienbat.

Eskualdeko alojamenduen kasuan, okupazioa oso altua izan da bai kostaldeko herrietan zein barnealdean.

Geoturismoa eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatutako bisita gidatuak izan dira turista eta bisitarien erakargarri nagusia. Goi denboraldia ez da oraindik bukatu Geoparkean – irailean ere egunero eskaintzen dira irteera gidatuak–  baina ekaina eta abuztua artean irteera gidatuetan parte hartu duten bisitarien kopurua %48 igo da, 2014ko datuekin alderatuz.

Debako pantalan berria uztailaren 29an inauguratu eta jarri zen martxan, Deba eta Zumaia arteko ibilbidea itsasoz egiteko bi irteera gidatu proposatuz. Hilabete bakarrean 431 lagun hartu ditu eta 26 irteera gidatu antolatu dira.

Bestalde, Santiago Bideak ere datu onak utzi ditu gure eskualdean. Uda sasoian, ekaina eta abuztua artean, 6.118 erromesek egin dute lo Debako aterpetxean, 2014an baino %10,5 gehiago. Erromesen %48 estatutik zetozen, beste %48 atzerritarrak eta gainerako %4 erkidegokoak.

 

Urtarriletik abuztura bitartean

Uda sasoian Debabarreneko eskualdean jaso dituen datu onak urte hasieratik izan dira nabarmenak. Urtarrila eta abuztua artean, 30.185 lagunek jo dute bi turismo bulegoetara infomazio eske, 2014an baino %11 gehiago.

Debegesa garapen agentzia arduratzen da Debabarrenean turismoaren dinamizazioaz eta promozioaz. Debegesak datuen balorazio baikorra egin du, sektore turistikoaren goranzko tendentzia konfirmatzen baitute. Era berean, urtetik urtera hobetzen jarraitzeko beharra azpimarratu nahi du Debegesak, bidaiarien esperientzia hobetze aldera eta, batez ere, turismoak eskualdearen garapenerako aukerak zabal ditzan. Helburu horrekin, irailean hasiko da turismoaren Plan Estrategikoaren idazketa Debabarrenerako 2016-2020 eperako.