Turismo esperientzial programa berria Debabarrenean, ‘Tradizio bizia’ izenekoa

2013/07/12
Turismo esperientzial programa berria Debabarrenean, ‘Tradizio bizia’ izenekoa
Programak 5 esperientzia turistiko biltzen ditu, euskal kultura eta tradizioei estuki lotuak: herri kirolak, euskal pilota, sukaldaritza, sagardoa eta elkarte gastronomikoak.

Euskal sukaldaritza, herri kirolak, euskal pilota, sagardoa eta elkarte gastronomikoak, gai horietxek landuko dituzte “Tradizio Bizia” izeneko programa osatzen duten 5 esperientzia berriek.

Eskaintza turistiko eta kultural berri hau osatzeko elkarlanean aritu dira Debegesa garapen agentzia -Debabarreneko dinamizazio eta promozio turistikoaren ardura duena-, Debemen -Debabarreneko landa garapen elkartea, Geobidaiak bidai-agentzia eta eskualdeko hainbat ostalari eta enpresari.

Programa honekin bisitariak Debabarrenera erakartzeko alternatiba berri bat eskaini nahi da. Izan ere, turismoa elementu garrantzitsua izan daiteke dibertsifikatzaile ekonomiko gisa eta eskualdearentzat eta bertan bizi direnentzat onurak eragin ditzake.

Ekimen hau, neurri handi batean, esperientzia ezberdinak ezagutu eta bizi nahi dutenei dago zuzenduta, kalitatea eta benetakotasunaren bila dabiltzanei. Horretarako, Debabarreneko eskualdeak baditu besteengandik bereizteko elementuak, hala nola, proposamenen kalitatea eta zerbitzua, benetakotasuna eta berezitasuna.

Honela, Debegesak turismo esperientzialaren aldeko apustua berretsi du. Turismo mota honek bisitarien eta helmugan bizi diren pertsonen arteko esperientzia eta emozioen elkartrukea bilatzen du.

Programa hau aurrera ateratzeko Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Landa Garapenerako Sailen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Turismo Sailaren laguntza jaso du Debegesak.

 

“Tradizio bizia”, gure kultura eta tradizioei loturik dauden esperientziak

“Tradizio bizia” programa osatzen duten 5 esperientziek gure kulturarekin estuki loturik dauden tradizioak dituzte ardatz, Debabarrenean bizirik dirautenak, hala nola, herri kirolak, euskal pilota, sukaldaritza, sagardoa eta elkarte gastronomikoak.

“Tradizio bizia” programa uztailetik urrira bitartean eskainiko da, talde txikietan egiteko, esperientziaren kalitatea bermatze aldera. Horretarako, egutegi bat prestatu da, guztira 14 bisita jasotzen dituena. Lagun talde batek egutegi honetatik kanpo esperientzia hauetakoren bat egin nahi izango balu, aukera izango lukete eguna aukeratzeko, beti ere, gutxieneko lagun kopurua betetzen bada.

“Tradizio bizia” programaren baitan, diseinatutako 5 esperientziak hauexek dira:

  • “Euskal elkarte gastronomikoa - Bazkide egun batez”
  • “Sagardoa eta euskal baserria”
  • “Herri-kirolak”
  • “Euskal pilota”
  • “Euskal sukaldaritza: baserritik mahaira”

 

Hain zuzen, datorren uztailaren 20an izango da lehen aukera, larunbatean, “Herri kirolak” esperientziarekin.

Informazio gehiago hemen.