Trinitate jaiak ospatuko dituzte asteburuan Elgoibarren

2014/06/13
Trinitate jaiak ospatuko dituzte asteburuan Elgoibarren
Urtero legez, danborradak eta feriak izango dira protagonista nagusiak. Larunbateko egitarauari hasiera emateko bataioa izango da kiroldegian. Halaber, Trinitateetako XIII. feria bereziari hasiera emango zaio. Igandean berriz, Udal Musika Bandaren diana, 18 urtetik gorakoendako III. margo lehiaketa eta ehiza-txakurren erakustaldia.

Asteburu honetan Trinitate jaiak ospatuko dituzte Elgoibarren. Aurreko urteetan bezala, danborradak eta feriak izango dira protagonista nagusiak.

Jai-giroa berotzeko, herrian, gaur, hilak 13, Niala magoaren ekitaldia izango da (19:00etan, Maalako parkean). Horrez gain, 32 establezimenduren partaidetzarekin herrian burutzen ari den pintxo lehiaketaren azken jardunaldia egingo da.

Larunbateko egitarauari hasiera emateko urpekaritza bataioa izango da kiroldegian (izena 607 530 461 telefono zenbakira deituta eman daiteke). Halaber, hasiera emango zaio Trinitateetako XIII. feria bereziari. Bertan, herriko baserrietako produktuen salmenta eta erakusketa egingo da (10:00etatik 14:30era), baita herriko ganaduaren erakusketa ere bai (10:00etatik 17:00etara). Bestalde, goizean zehar, Musika Eskolako trikitilariak eta txistulariak herriko kaleak girotzeaz arduratuko dira. Gainera, 11:00etatik aurrera, sagardoa eta parrillan egindako oilasko eta saiheski errazioak dastatu ahal izango dira.

Bestalde, Kalegoen plazan emakume trontzalarien txapelketa izango da (13:00etan), eta Lekuederreko karpan, berriz, herriko baserritarrek anaiarteko bazkaria egingo dute .

Larunbateko ekitaldiak osatzeko, Musika Eskolako ikasleek dantza jaialdia eskainiko dute (18:00etan Kalegoen plazan). Azkenik, nagusien danborrada ere izango da, 23:30etik aurrera.

Igandea beste hainbeste ekitaldi

Igandean ere hainbat ekitaldi izango dira, hala nola, Udal Musika Bandaren diana, 18 urtetik gorakoentzako III. margo lehiaketa (izena 09:00etatik 10:00etara bitartean eman ahal izango da Kultur Etxeko sotoan) eta ehiza-txakurren erakustaldia (09:00etatik 13:00etara Larraskandan).

Gainera, Leueder parkean XIX. artisau feria izango da (10:00etatik 14:30era), eta parrokiak Meza Nagusian abestuko du (11:00etan). Era berean, 12:00etan musika eskolak urtero antolatzen duen haurren danborrada koloretsuari ekingo zaio.

Amaitzeko, margo lehiaketako sarien banaketarekin (14:30ean) eta erraldoi eta buruhandien kalejirarekin amaiera emango zaio 2014 urteko Trinitateetako egitarauari.