Mutrikuko Zelaitzueta haizeolaren indusketak bide berriak ireki ditu Euskal Herriko Erdi Aroko burdinaren historia ulertzeko

2015/03/13
Zelaitzueta haizeolaren (Olatz, Mutriku) indusketa arkeologikoa Euskal Kostaldeko Geoparkeak sustatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren finantzazioarekin, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko eta EHUko ikertzaile talde batek burutu du.

Zelaitzuetako haizeola Euskal Herrian induskatzen den ezaugarri honetako laugarren burdin mineralaren erredukzio-labea da eta datu esanguratsuak atera ditu argitara. Ikertzaile taldearen arabera, Zelaitzuetakoak froga sendoak eman ditu erakusten dutenak labe hauek izan zuten garrantzia energia hidraulikoa erabiltzen hasi aurretik. Aurkikuntza hauek hutsune handi bat betetzera datoz eta iraultzaileak direla ere esan genezake Euskal Herriko metalurgiaren historiari dagokionean, izan ere, datuek erakusten dute Euskal Herriko Erdi Aroko historiaren zati handi baten burdinaren metalurgiak izan zuen garrantzia, bere ondorio kultural, komertzial eta ekonomikoekin. 

Lehenik eta behin, haizeolak atentzioa ematen du bere tamainarengatik. Indusketak labe mota berri bat utzi du agerian, tamaina handiko azpiko krisol edo arragoa eta kanal bat goialdean. Honek erakusten du egitura primitibo hauen konplexutasuna, Industria Iraultzako labe garai ezagunen antzekoak.

Gainera, zepa ferromagnetikoak aurkitu dira labearen eta krisolaren paretetan, egitura hau burdina erreduzitzeko erabili zela frogatuz. Gainera, zepa hauek kareaz estalita zeuden eta ikaztutako egur arrastoak ere aurkitu dira, beraz, uste da labea karegile gisa erabili zela ondoren.

Halaber, nabarmentzekoa da labe paralelo bat agertu dela eta datozen kanpainetan induskatzeko asmoa dagoela, orain artean jasotako informazioa osatzeko helburuarekin. 

Zelaitzuetako haizeolaren egokitzapena dibulgaziorako

Indusketa hau mugarri bat izan da Euskal Kostaldeko Geoparkearentzat, baliabide geologiko bat, burdin minerala, lurralde honetako historiarekin eta kulturarekin lotzea ahalbidetu duelako.

Honela, Geoparkeko ondare kultural eta arkeologikoa berreskuratu, babestu eta dibulgatzeko helburuarekin, haizeola egokitu egingo da bisitariak hartzeko. Kontuan izan, haizeola Kostadeko Done Jakue bidean kokatua dagoela eta urtero 10.000 erromes inguru igarotzen dela bertatik.