Mutrikuko Udalak eta Aldundiak hitzarmena sinatu dute Enrique Areilza Churrucarekin, Mutrikuko kondea, jauregia jendaurrera zabaltzeko.

2018/03/01
Mutrikuko Udalak eta Aldundiak hitzarmena sinatu dute Enrique Areilza Churrucarekin, Mutrikuko kondea, jauregia jendaurrera zabaltzeko.

Mutrikuko Udalak eta Aldundiak hitzarmena sinatu dute Enrique Areilza Churrucarekin, Mutrikuko kondea, jauregia jendaurrera zabaldu eta bisita gidatu turistiko nahiz hezitzaileak egiteko.

Kultura eta Turismoko diputatu Denis Itxasok, Mutrikuko alkate Jose Angel Lizardik eta Mutrikuko konde Enrique Areilza Churrucak lankidetza hitzarmena sinatu dute, Arrietakua jauregia jendaurrera zabaldu eta bisita gidatu turistiko eta hezitzaileak egiteko, Mutrikuko Udalak kudeatuta, jabeak ezarritako irizpideei jarraituz.

Enrique de Areilza y Churrucak, jauregiaren jabeak, ongi daki zer balio historiko eta artistiko dituen jauregiak, eta, horregatik, lankidetzan jardun nahi du, balio horiek guztiak herritarrei ezagutarazteko.,  Xede horrekin, beraz, hitzarmen bat sinatu da, Arrietakuaren eduki historiko nahiz ondarezkoak zabaldu eta ezagutarazteko. Jauregia XVII. mendearen amaieran eraiki zen, Mutrikuko herrigunean dagoen Mutrikuko Kondea kaleko 9. zenbakian. Kultur intereseko ondasun izendapena du, Kultura Ministerioak 1964ko urtarrilaren 17an emandako aginduaz hala katalogatu zuenetik, eta Gipuzkoan ongien kontserbatzen den historia eta ondare baliabideetako bat da. Mutrikuko herrigune historikoan dago, Gipuzkoako kostaldean ongien zaindu den herrigune historikoetako batean. 1995ean monumentu multzo izendatua izan zen, XV, XVI, XVII eta XVIII mendeko etxe eta jauregiak baititu, eta partzelazio gotiko berezia.

Jauregiaren eremu bisitagarriak zabalduko dira. Bisitako 15 pertsona sartuko dira gehienez, eta Udalak izendatutako teknikari bat izango dute gidari.

Itxasok adierazi du bere Departamentua ondarearen berreskurapena eta zabalkundea sustatzen ari dela, bereziki Gipuzkoan itsas ondarearen inguruan dauden baliabideena. Hori horrela, ulertzen du Arrietakua jauregiak izugarrizko balio historiko eta artistikoa duela eta, beraz, pisuzkoa izan behar duela proiektu honetan.  Gainera, ziur dago Arrietakua jauregia giltzarria izango dela zonaldearen dinamizazio turistikorako.

Aldundiak aholkularitza eskainiko du, etxea, objektuak eta altzariak bisitetarako prestatzeari lotutako kontuetan, eta eraikinaren nahiz barruko edukiaren kontserbazio neurriei buruzkoetan, betiere jabearekin ados jarrita. Bestalde, baliabidearen berri emango du, bere kanal turistiko nahiz kulturalen bidez. Era berean, Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuak euskal itsas ondareari zabalkundea emateko erabiliko dituen euskarrietan agertuko da Arrietakua jauregia.

Jose Angel Lizardi alkateak, berriz, azaldu du Udalak interes handia duela, eta jauregian bisita gidatuak antolatu ahal izatea oso positiboa dela, Mutrikuren sustapenean eta garapenean lagunduko duelako, kultur helmuga turistiko gisa. Azpimarratu du hitzarmenaren helburu nagusia dela halako garrantzia duen ondarea ezagutaraztea, bakarra baita Gipuzkoan, eta kontserbatzen jarraitu ahal izatea, etorkizuneko belaunaldietara egoera onean iristeko.

Udala arduratuko da bisiten programa kudeatzeaz, eta jauregia bisitetarako egokitzeaz, hala nola jauregian eta lorategian egin beharreko konponketa txikiez, jendaurrera irekitzen direnerako egoera onean egon daitezen.Gainera, jauregiaren eremu bisitagarrien eguneroko mantentze eta garbiketa lanez ere arduratuko da.

Hitzarmenaren iraupena bi urtekoa da, baina hasierako epe hori igaro ondoren urteka luzatu daiteke.

Egutegia eta ordutegia

Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra astean bita irekiko da, hitzartutako bisitetarako. Gehienez hiru bisita egingo dira egunean, 11.00etatik 14.00etara eta 16.30etik 19.30era.

Urtearen gainerako hilabeteetan astean behin egingo dira aldez aurretik hitzartutako bisitak.

Sarreren prezioa eta erosteko modua

Jauregirako sarrerak 10 euroko prezioa izango du 12 urtetik gorakoentzat; 5 euro 4 urtetik 12ra bitarteko haurrentzat; eta doakoa izango da Mutrikuko ikastetxeentzat eta 4 urtetik beherakoentzat. 

Sarrerak Mutrikuko Turismo Bulegoan erosi daitezke, edo Euskal Kostaldeko geoparkea kudeatzen duen Geogarapen elkartearen bidez, on line (www.geoparkea.com) edo aurrez aurre Zumaia, Deba eta Mutrikuko turismo bulegoetan. Bisitetatik lortutako diru-sarrerak jauregiaren gastuak ordaintzeko erabiliko dira.