Igande honetan, Dolmenen Ibilbidea ezagutzeko bisita gidatua

2013/09/17
Igande honetan, Dolmenen Ibilbidea ezagutzeko bisita gidatua
Aurrez izena ematea beharrezkoa da, 943 19 11 72 edota 695 78 36 56 telefonoetara deituz (Debanatura); 12 urtetik beherako haurrentzat irteera doakoa izango da.

Debegesa Garapen Agentziak eta Debanatura Elkarteak Dolmenen Ibilbidea ezagutzeko bisita gidatua antolatu dute iganderako, hilak 22.

Dolmenen Ibilbideak Elgoibar, Soraluze eta Bergarako udalerriak lotzen ditu, PR-Gi 94, eta edertasun eta balio handiko kultur eta historia ondarea dauka. Hain zuzen, ibilbidean zehar geure arbasoen aztarnak ikus daitezke, Elosua-Plazentzia estazio megalitikoa osatzen duten tumulu eta dolmen multzoa. Dolmen hauek Karakate, Irukurutzeta eta Agirreburuko tontorrek marrazten duten mendilerroan sakabanatuta daude. Ikuspegi ederrek, are interesgarriagoa egiten dute ibilbidea.

Bisita gidatuak 3 ordu t’erdiko iraupena du eta publiko zabalari zuzenduta dago (7 urtetik gorako haurrentzat), ibilbide laua eta atsegina baita, Karakate-Irukurutzeta mendilerroan barrena. Gida baten azalpenek lagunduta, geure arbasoen ezagutzan sakondu ahal izango dute bisitariek, hala nola, euren bizimodua, sinesmenak, artzaintzaren hastapenak eta bilakaera, bidean aurkitzen diren arrastoen interpretazio eta datuak, indusketen ondorioak…

Bisitak, gainera, hamaiketakoa barne hartzen du. Hala, partaideek bertako sagardoa, gazta eta ogia dastatzeko aukera izango dute.

Hitzordua igandean da, goizeko 10:00etan, Karakateko aparkalekuan (Soraluze). Beharrezkoa da aurrez izena ematea, 943 19 11 72 edota 695 78 36 56 telefonoetara deituz. Bisitaren prezioa 12 eurokoa da (hamaiketakoa barne) eta 12 urtetik beherako haurrentzat doakoa izango da.

Informazio gehiago, hemen.